Arlo eta mota guztietako proposamenak jaso dituzte Hernani Erabaki prozesuaren barruan, 2016ko Udal Aurrekontuan txertatzeko. Guztira, 126 izan dira herritarrek egin dituzten ekarpenak, hiru bideetatik: 69 saio irekietan, 56 Udalaren web orrian, eta beste bat buzoietan.
Horietako 14 elkarteek egin dituzte, 53 auzo elkarteek, eta 59 herritarrek.
Proposamen guztiak bildu, eta asteazkenean aurkeztu zituzten, udaletxean. Horrekin, bigarren fasean sartuko da prozesua.
Lehentasunak markatzeko, irizpideak
Orain, proposamenak antolatu eta multzoka jarriko dituzte, antzekoak edo berdinak direnak bilduz.
Eta ondoren, irizpideak zehaztuko dituzte; hau da, zeren arabera erabakiko den zein proposamenek duen lehentasuna. Horretarako, bilera irekia egingo dute ekainaren 10ean, udaletxean, eta edozein herritarrek hartu dezake parte.
Proposamenak aztertu eta bideragarritasuna baloratu
Hirugarren pausoa izango da, udal teknikariek proposamenak aztertu eta baloratzea. Udara partean egingo da, eta ikusi beharko dute, proposamen bakoitza bideragarria den, Udalaren eskumena den... Kanpoan geratuko dira, baita ere, mantenimendukoak diren proposamenak, berez hartu behar baititu Udalak bere gain.
Horrela, proposamen bakoitzarekin fitxa bat osatuko dute, eta bideragarriak badira, zehaztuko dute zein kostu izango lukeen bakoitzak.
Proposamenak lehenesteko ere, saio irekiak
Teknikariek aztertu ondoren, proposamen guztien artean batzuek egingo dute aurrera. Saio irekien bigarren erronda jarriko dute martxan, proposamenen artean batzuk lehenesteko, garrantzitsuenak, betiere aurrez zehaztutako irizpide horien arabera.