Alkatearen agurra

Kronika - Erredakzioa 2011ko eka. 23a, 02:00

Luis Intxauspe Al­ka­teak hernaniar guztiei San Joan jaiak zoriondu dizkie Hernaniko Kronikara bidalitako gutunean: «Hemen ditugu berriro ere gure herriko jaiak, eta San Joan hauek desberdinak izango dira guretzat, gobernu taldea osatzen dugun zinegotziontzat; aurtengoan, ziurrenik, beste modu batera biziko ditugulako San Joan jaiak. Beste modu batera bai, baina jaiak disfrutatzeko asmo osoarekin, egitarauan jasota dauden ekintzetan parte hartuz modu aktiboan batzuetan, eta ikusle bezala besteetan; baina San Joanak biziz eta umorez eta alaitasunez disfrutatuz. Eta horixe da hernaniar guztiei eskatu nahi dizueguna, gure herriko jaiak disfrutatzeko, bizitzeko. Jaietako gustuko ekintzetan parte hartzeko horretarako aukera zabala eskaintzen baitu jai batzordeak eta bertan dauden talde eta eragile guztiek aurreko udal taldearekin batera antolatu duten egitarauak. Jaietan ere ezin ahaztu gurekin ez daudenak ezta herritik urrun dauzkatenak ere. Haiek gogoan, ahaztu gabe, modu batera edo bestera gurekin sentituko ditugu eta presente izango ditugulakoan gaude. Aurtengoan aipamen berezia egin nahi genieke Hernaniko akelarreari eta Hernaniko Bandari. Jai batzordeak aukeratu ditu sanjoanetako hasierako txupinazoa botatzeko eta guk ere zoriondu nahi genituzke azken urteotan egindako lanagatik. Ahaztu gabe, dena den, Hernaniko beste hainbat eta hainbat eragile lan mardula egiten dutenak eta aurtengo jaiak ekintzez osatu dutenak. Hauek gozatzeko gonbite sutsua eginez jaso nire agurrik beroena». Gora Sanjuanak! Gora Hernani!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!