San Joan sutan izpiritu txarrak erre eta egin salto gaurik motz eta magikoenari ekiteko!

Kronika - Erredakzioa 2011ko eka. 23a, 02:00

Ohi bezala, San Joan sua egingo da gaur gaueko 21:30etan, Gudarien plazan. Bosgarren urtez, Roxario Pikabea herriko basozaina arduratuko da horretaz. Suaren alboan aurreskua eta San Joan kantaita egingo dira, gainetik salto egin aurretik.

San Joan suarekin ekingo zaio gaur, urteko gaurik mo­tzena eta egunik luzeena dituen San Joan egun magikoari. Bertan, izpiritu txarrak erre eta urte opa­roa eskatzeko aukera ederra izango da, garai bateko usadioari jarraituz. Sua, gaueko 21:30etan piztuko da Gudarien plazan, eta indarra hartzearekin batera, gerturatutakoek kalejira egingo dute suaren alboan, eta aurresku herrikoirako prestatuko dira. Ondo­ren, he­rriko 25 bat emakumek San Joan kantaita eskainiko dute. Abestia buka­tzean, nahi dutenek aukera izango dute suaren gainetik salto egiteko.

Bost urtetan, euririk ez
Roxario Pikabea, herriko basozainak egingo du aurten ere, San Joan sua. Gaurko honekin, bosgarren aldiz egingo du Pikabeak sua. Urtero bezala, basotik bilduko du egurra, oraingo honetan, Epe­lerre­katik. «Pinu bat moztu berri dute eta handik hartuko dugu egurra», azaldu dio Kronikari. Tonelada bat inguru egur erabiliko dute. Egurra bildu aldiz, azken aurreko egunean edo egunean bertan biltzen dute, euria eginda ere, pinuari ez baitio askorik eragiten. «Pinuak erretxina as­ko du, beroa da eta oso ona da sua egiteko. Euritan astebetez egon beharko luke hezetasuna hartzeko», dio Pikabeak. Bost urteotan sekula ez du euririk egin San Joan sua egiterakoan eta gaur ere ez duela egingo nahiko seguru da basozaina: «Ohitura da sua egitea izpiritu txarrak uxatzeko eta hemen uxatu ditugula dirudi!».

Aurreskua eta kantaita bukatu arte itxaroteko eskaera
Suak indarra hartu bezain laster, aurresku herrikoian parte hartzeko eta kantaitaz goza­tze­ko aukera izango da. Hamar­ga­rren urtea da aurten kantaita eskainiko dela eta adin ezberdinetako 25 bat emakumek har­tu­ko dute parte. Dantza eta kan­­­tu honek gogoratzen du garai batean emakumeak San Joan bezperan joaten zirela ga­ria biltzera. Abestia eskuratzeko aukera ere izango da, paperak banatuko baitituzte bertan. Bestalde, kantaitako partaideek es­kae­ra argia egin dute, abesten duten bitartean jendea isilik egoteko, abestia behar bezala entzun dadin. Horrez gain, dei egin dute jendeak bailen atzean itxaroteko, aurreskua eta kantaita bukatu arte, eta bukatu ondoren egiteko salto suaren gainetik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!