TENISA, Piragua, Ciclo Indoor, Konbinatua (Indoor Walking eta Body Training), Pilates eta Igeriketa dira uztailean kiroldegian emango dituzten ikastaroak. Orain arte ikastaro ezberdinetan izena emateko aukera izan da, eta orain, izen-emate kopurua kontuan izanda, zein ikastaro atera diren zehaztu dute. Ia guztietan dago izena emateko lekua, eta apuntatu nahi dutenek, ekainaren 30ean egin behar dute, San Joan jaiak direla eta, kiroldegia itxita egongo baita gaurtik ekainaren 29ra arte. Ikastaro guztiak uztailaren 1ean edo 15ean hasiko dira.
Bi edo hiru ordutegi, ikastaro bakoitzeko
Ikastaro bakoitzeko bi edo hiru ordutegi ezberdin izango dira.
Tenisa egin nahi dutenek, 11:00etako ordutegian dute izena emateko lekua. Ordutegi honetako klaseak uztailaren 15etik 29ra emango dira, egunero.
Piragua ikastaroa egin nahi dutenek, hiru ordutegi dituzte. 10:00etan bi ikastaro: bat uztailaren 1etik 14ra, eta bestea 15etatik 29ra. Eta 11:00etan bestea, uztailaren 15etik 29ra. Piragua ikastaroa egunero da.
Ciclo Indoor ikastaroa, astelehen eta asteazkenetan izango da, 10:30etan. Ikastaro hau uztailaren 1etik 29ra emango da.
Indoor Walking eta Body Training konbinatzen dituen ikastaroa bi ordutegitan emango dute, biak 20:30etan, uztailaren 1etik 29ra. Bat astelehen eta asteazkenetan izango da, eta bestea astearte eta ostegunetan
Pilates egin nahi dutenek berriz, goizeko 09:00etako ikastaroan bakarrik dute lekua. Astelehen eta asteazkenetan emango da, uztailaren 1etik 29ra.
Igeriketan, bost ikastaroetan dago lekua
Uztailean igeriketa egin nahi dutenek, bost ikastoro ezberdinetan dute izena emateko aukera; guztiak uztailaren 1etik 29ra izango dira. Helduen mantenimendua egin nahi dutenek, 07:00etan dute ordutegia. Astelehen, asteazken eta ostiraletan emango dute. Txikienentzat, 3-4 urtekoentzat, 09:15etan dago ikastaroa: astelehen, asteazken eta ostiraletan. Hastapeneko ikastaroak berriz, bi izango dira: egunero, 10:10etan hasita, edo egunero, 17:40etan hasita. Helduen hastapeneko ikastaroa ere emango dute uztailean: 19:45etan izango da, egunero. Azkenik, haurtxoentzako ikastaroan izena eman nahi dutenek, monitoreekin hitz egin beharko dute.