Bokadiloek testigua pasako diote paellari

Kronika - Erredakzioa 2011ko eka. 23a, 02:00

AEKk aurtengoan, bokadiloen ordez, afarietarako paella eskainiko du Tilosetan jartzen duen txosnan. Agustí Serres eta Carlos Gálvez valentziarrak izango dira sukaldariak, eta Valentziako paella tipikoa ekarriko dute Hernanira. Horixe dute asmoa hain juxtu; «etxekoa bezalakoa egitea gustatzen zaigu, gure amonek egiten zuten berdina, baina kantitate haundiagotan». Horrela adierazi digute. Festa guztietarako, gauero izango da paella jateko aukera eta 300kg arroz inguru beharko dituztela kalkulatu dute, kontuan hartuta ostiral eta larunbatean mugimendu haundiagoa ibiliko dutela.

Oilasko, txerri kostila eta barazkiekin
Bien artean sortutako I love paella catering enpresa dute valentziarrek Hernanin bertan, eta orain urte bete inguru hasi ziren elkarrekin lanean. Aurretik beste sozio batzuekin ere aritu dira lanean, baina oraingo lan taldea aurten osatu dute. Platera desberdinak egiteko aukera eskaintzen dute, eta kasu honetarako oilaskoz eta txerri kostilaz osatutakoa egitea erabaki dute, barazki ba­tzuekin batera. «Beste aukera batzuk ere izan ditugu buruan, baina denen gustokoa izatea nahi dugu, eta konbinazio hau iruditu zaigu azkenean egokiena».

Koadrilen Eguneko bazkaria, ere bai
AEKren txoznan gauero afariak eskaintzeaz gain, Her­na­niko Gazte Asanbladak urtero ekainaren 25eko Koadrilen Egunean antolatzen duen bazkarian ere, aurten, Serresek eta Galvezek egiten duten paella probatzeko aukera egongo da, beraiei eskatu baitzaie bazkaria prestatzea. 600 pertsonako bazkaria izango dela aurreikusten dute antolatzaileek, eta paella egitekoak direnek adi­tzera eman digutenez, nahiz eta normalean 300 inguruko kantitateekin lan egin, badute esperientziarik talde haundiagoekin ere. «1000 pertsonentzako bazkariren bat edo beste prestatu dugu», esan digute.

Momentuan egindako paellak
Bai afariak ematerako orduan, baita kuadrilen eguneko herri bazkarian ere, paella zuzenean prestatzen dute hasieratik bukaeraraino; publikoaren aurrean. Beraz, prestaketa guztia ikusteko aukera ematen dute. Oso gustora azaldu dira, AEKk emandako aukerarekin: «pozik gaude, AEKren otorduak prestatu eta aurrera eramaten laguntzeko aukera eskaini digutelako. Jende guztia animatzen dugu gure paella probatzera». 4-4,5 euroko prezioa izango du platerkadak, eta beraz, aurtengo San Joa­ne­tan aukera bikaina egongo da valen­tziar paella tipikoa dastatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!