Santa Barbara Elkarteak antolatuta, urtero sartzen da helduen danborrada festetako programan. 40 urte paseak dituzte lehenengo irteeratik. Umeen danborrada ere antolatzen du elkarteak eta hori beranduxeagokoa da; hiru bat urte geroagokoa. Santa Barbaraz gain, Etxeberri elkarteak ere umeen danborrada antolatu ohi du. Haurrek San Joan egunarekin, goizeko 11:30etan ateratzen dituzte danborrak kalera. Beraz, emanaldia bihar izango dute. Helduen kasuan aldiz, San Joan bezperan izaten dute beren tartea, gaueko 23:00ak inguruan, hau da, gaur gauean.
Boikota egiteko, danborrada
Azken urteetan, helduak ekainaren 23an ateratzen badira ere, antolatzaileek adierazi digute ez dela beti horrela izan. Hasieretan, 70eko hamarkadan, udaletxeak La Verbena de la Paloma zarzuela modukoa antolatzeko asmoa omen zeukan San Joan egunean, eta horri boikota egiteko-edo prestatu omen zuten egun bererako, danborrada.
Lehen, jende gehiago
Gaur egun, umeen saioan hogeita hamar bat ateratzen dira kaleak danbor soinuaz alaitzera, eta nagusietan berriz, berrogeita hamar inguru. Miguel Angel Gorrotxategik, antolatzaileetako batek, honela esan digu: «Lehen jende gehiago izaten zen. Nik ezagutu ditut laurogeitik gorako danborradak».
Astean, hiru entsaio
Gaurko eta biharko emanaldietarako guztia prest izateko, astean hiru egunez egin dituzte entsaioak, San Joanen aurretik pare bat aste lehenago hasita, eta bukaeran entsaio orokorra eginez. Txikiak lehenago ekin zioten lanari, hilabete inguru lehenago hasi baitziren saioa prestatzen.
Donostiako martxa edo Tatiago, eta Hernaniko eta Santa Barbarako martxak bezalako doinuak entzun ahal izaten dira urtero Hernaniko kaleetan barrena, eta aurten ere ez dute halako doinuek hutsik egingo.
Kaxkoan zehar ibiltzen dira, San Joan suaren ostean. Santa Barbara Elkartetik bertatik atera, eta buelta polita egiten dute, Urbieta, Elkano, Kardaberaz eta Nagusia bezalako kaleak pasa, Plazara iritsi eta berriz ere elkartera itzuliz.
«Jendea animatu nahi dugu San Joanetako danborradan parte hartzera»
Lehen jende gehiago ibiltzen zela ikusita, eta usadioari jarraitu nahirik, Miguel Angel Gorrotxategik honela esan digu: «ez dakit zergatik, baina orain gutxiago biltzen gara. Jendea animatu nahi dugu, taldean sartu eta San Joanetako danborradan parte hartzera».