GAur hasi eta astelehenera bitarte, haur eta gaztetxoek non aukeratu izango dute herriko festak ospatzeko. Eta gaur, goizean goizetik hasiko dira ospatzen, izan ere, txupinazoa aurretik, haur kategoriako marrazki lehiaketa izango da Tilosetan, Urumea ikastolak antolatuta. Goizeko 09:00etan izango da. Arratsaldeko 17:00etan, berriz, haur kategoriako Karabina Txapelketako finala jokatuko da, Txantxangorri elkartearen lorategian.
Horrez gain, gaztetxoentzako zinta lasterketa antolatu dute Gazte Txokoak eta Kale Hezitzaileek, Latsunbe auzoan, 17:30etan.
Bihar, Amuarrain Txapelketa,
danborrada eta pailazoak
Bihar, arrantza egiteko aukera izango dute gaztetxoek. Haur kategoriako amuarrain-arrantza txapelketa izango da, 09:00etan, Txantxangorri elkarteak antolatuta. Arrantza egin baino danborra jo nahiago dutenek ere beren eguna izango dute biharkoa, haurren danborrada izango baita Santa Barbara eta Etxeberri elkarteen eskutik, 11:30etan.
Arratsaldean, 16:30etan, Konfetti emanaldia izango da Atsegindegin, Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoekin.
Parkea, txu-txu trena eta
pottokak, larunbatean
Larunbatean, haurrentzako parkea eta txu-txu trena izango dira Atsegindegin, 10:00etatik aurrera. Arratsaldean, berriz, 16:30etan emanaldia izango da, bertan: Sustrai bizi biziak. Eta 17:30etatik aurrera, Latsunben, pottokak eta zezen txikiak izango dira. Hurrengo hiru egunetan ere izango dira, ordu berean.
Zurezko jokoak igandean, eta gaztetxoentzako parkea, astelehenean
Pottoka eta zezenez gain, haurrek zurezko jokoak izango dituzte igandean, 11:00etan Atsegindegin. Astelehenean, berriz, gaztetxoentzako parkea izango da hegaldi simulagailuekin eta quads pistekin, Atsegindegin, 10:00etan. Arratsaldeko 16:00etan, beste parke bat izango da gaztetxoentzat, Biteri plazan.
Barrakak, Karabeleko
futbol zelaian
Karabeleko futbol zelaian jarriko dituzte aurten barrakak. Iaz ez bezala, aurten akordio batera iritsi dira ferianteak eta Udala eta prezioak ere zehaztu dituzte: helduen aparatuetako bidaiak 2 euro balioko du; haurren aparatuetakoak 1,60 euro, eta auto-txokeetakoak beste horrenbeste.