Azkenean iritsi dira, herritarren gozamenerako, San Joan jaiak. Gaur, eguerdiko12:00etan hasiko dira, Hernaniko Musika Bandak eta Akelarreak banderak jaso eta suziriak bota bezain pronto. Izan ere, bi talde horiek izan dira Jai Batzordeak aukeratu dituenak jaiei hasiera eta bukaera emateko. Musika Bandak 150 urte betetzen ditu aurten, bere musikarekin herria girotzen, eta Akelarreak 25 urte beteko ditu gaur. Hori dela eta, omendu nahi izan ditu Jai Batzordeak. Omenaldia 11:45etan izango da. Gainontzean, bost egunetan zehar, festa giroa ziurtatua dago!
Erronda, Akelarrea eta
San Joan sua, gaur
Behin suziriak botata, ekintza ezberdinak izango dira gaur. Arratsaldean esaterako, San Joan erronda izango da, Hernaniko Ohitura Zaharrak abesbatzaren eskutik. Arratsaldeko 18:00etan egin dute hitzordua Portalezkanpon, eta ordu laurden beranduago jarriko dira martxan. Ohi bezala, Akelarrea ere izango da ondoren, 19:00etan.
Gaurik motzena eta egunik luzeena dituen San Joan egun magikoari ongi-etorria emateko berriz, urtero bezala, San Joan sua egingo da Gudarien plazan. Gaueko 21:30etan piztuko da sua eta herritarren aurreskua eta San Joan kantaita izango dira, suaren alboan.
Bihar Diana, eta etzi,
lehenengo Sokamuturra
eta Axeri Dantza
Bihar, San Joan eguna izaki, lehenengo Diana izango da goizeko 09:00etan, Hernaniko Musika Banda eta Txistulari Bandaren eskutik. Mendirik mendi doinuaren erritmora ibiliko dira. Astelehenera bitarte, egunero izango da diana, 07:00etan. Horrez gain, Dantza Suelto Txapelketa, kulturen arteko musika emanaldia eta errepresaliatuen eskubideen aldeko ekitaldia izango dira bihar.
Bestalde, lehenengo Sokamuturra eta Axeri Dantza larunbatean izango dira. Ohi bezala, azken egunean, hau da, astelehenean, Axeri Dantza mixtoa izango da.
Koadrilen Eguna, larunbatean
Urtero bezala, egun bakoitzak bere berezitasuna izango du. Bihar San Joan eguna izango da, larunbatean Koadrilen eguna, igandean errepresaliatuen eskubideen aldeko eguna eta igandean Baserritarren Eguna. Azken egunean, San Joan Konpartsaren emanaldia izango da.
Umeentzako barrakak, eta pottokak eta zezenak
Iaz ez bezala, aurten ez dute hutsik egingo barrakek. Karabelgo futbol zelaian egongo dira. Umeentzako pottokak eta zezen txikiak ere izango dira, besteak beste, Latsunben, azken hiru egunetan.
Txosnak eta kontzertuak, egunero
Jateko eta edateko aukera ezberdinak izango dira bost egun hauetan. Ohi bezala, txosna gunea izango da Tilosetan. Tartean, AEK euskaltegiarena egongo da eta aurten, berezitasun bezala, ohiko bokadiloen partez, momentuan egindako paella egongo da. Plaza Berrin ere izango da tripa zerekin bete; bokadiloak eta oilaskoa izango dira, besteak beste.
Horrez gain, txosnagunean eta Tilosetan, musika emanaldiez gozatzeko aukera izango da egunero, gaueko 23:00etatik aurrera: Rak Atak, Alivio, Sound System, Trakets, punk gaua, Necronico, Sindrome de Parker, The Zepo, Dj-ak, Belgrado, CC627, Takumah, Reggae Band, Txutxi, Dxpe, Dj Iwan, Met Heav, Impio, Pandemia, Mendeku Itxua, Selektah Sound System...