Denboraldiko azken zipriztinak atera nahi dituzte jokalari guztiek, eta horretarako 5 ekiporen arteko torneoa dute aurrean. 15:00etan hasita, lau orduz ariko dira jokatzen, denak denen kontra. Ondoren, sariak eta merienda, guztientzat. Eta gauean, afaria Ipintzan, urte guztian laguntza eman dien sagardotegian.
«Udako torneoak modan jartzen ari dira»
Jon Casas taldeko arduradunetako bat da, eta Kronikari adierazi dionez, Udako torneo bat gehiago da Hernanikoa. «Udako torneoak modan jartzen ari dira. Gero eta gehiago jokatzen dira, eta guk ere zirkuituan sartu nahi izan dugu, eta zerbait aportatu waterpoloari».
Gaur, bost talde ariko dira, orduerdiko partiduak joka-tzen: Urbat (Eibar), Easo (Donostia), Tximistarri (Donostia), Lautada (Gasteiz), eta Hernani.
Ur gazi-gozoetan, aurten Hernaniko taldeak
Denboraldi gazi-gozoa izan dute hernaniarrek aurten: senior nesken taldeak indartuta bukatu du denboraldia, eta finala du 15 egun barru; Euskadiko Kopa, hain zuzen ere, Portugaleten, Leioaren kontra.
Jubenilen taldeak mailari eutsi dio, eta gero eta sendoago ari dira, Hernaniko gaztetxoak.
Senior mutilen taldeak maila galdu du aurten, hainbat urtez oso puntu onean egon eta gero. Borrokatu dute azkenera arte; Gipuzkoako Openean ariko dira, datorren urtean. Casas kapitainaren ustez, taldean jende beteranoa falta da. «Beteranoak gero eta gutxiago gara, eta gazteak jarri bitartean, antzematen ari da, kanbio falta. Datorren denboraldian gazteek errespontsabilitatea hartu beharko dute. Trantsizio urtea izango da, eta mailaz igotzea izango da helburua».
Afaria Ipintzan, bost taldeek
Torneoa bukatuta, denak afaltzera joango dira Ipintza sagardotegira; 5 taldeak, alegia. Urte bukaerako afaria egiteko ohitura bazuten lehen ere Hernanin, eta aurten errekuperatu dute.
Nesken taldeak Euskadiko Kopa irabazi lezake, 15 egun barru
Nesken taldeak finala jokatuko du uztailaren 2an, Leioa taldearen kontra. Euskadiko Liga bikaina eginda, Euskadiko Kopa dute jokoan; denboraldi bikainari errematea emateko aukera ederra, hernaniarrentzat.
Jende berri asko ibili izan du beti Hernaniko nesken taldeak. Aurten, taldeak sendotasuna hartu du: liga 4garren bukatu, eta kopa irabazteko zorian dira, hain zuzen. Uztailaren 2an jokatuko dute finala, Portugaleten.
San Joan Txapelketan ere ariko dira gaur, Lautada talde gasteiztarraren kontra.
Espainiako Liga helburu
Nesken taldeak urte ona egin du aurten, eta hurrengoan ere zerbait espero dute. Espainiako Ligara igotzeko aukerak badituztela diote taldeko arduradunek. Horretarako, ordea, Euskadiko Ligan ondo jokatu beharra dago.