Ehundaka korrikalari gaur, Axeri Bilan, urte osoko lana erakustera

Kronika - Erredakzioa 2011ko eka. 18a, 02:00

Axeri Bila herri lasterketa izango da gaur Hernaniko kaleetan barrena. Gehienez 500 korrikalarik hartu dezakete parte eta gaur ere bada izena emateko aukera. 18:30etan abiatuko da lasterketa, Urbieta kaletik. Aurten, lehenengo aldiz, korrikalariek txipa izango dute oinean. Hala, irteeratik helmugarako bidean egiten duten denbora zehaztasun osoz jakin ahal izango da.

Azken boladan, edozein ixkinetara begiratu eta korrikalariren bat ikustea ez da harritzekoa izan. Izan ere, Axeri Bila herri lasterketari begira, entrenatzen ibili dira hernaniar asko eta asko. Batzuk lehenengoa izatea helburu, beste batzuk, 30 minututatik jaistea, zenbai­tzuk iazko marka hobetzea, baten batek azkena ez izatea, buka­tzea, edota besterik ga­be, parte hartzea. Bakoitzak bere helburua zehaztuta, urte guztian egindako lana erakustera aterako dira gaur, ehundaka korrikalari, Axeri Bilan.

Izen ematea, 15 euro
Gehienez, 500 korrikalarik hartu dezakete parte lasterketan eta oraindik bada aukera izena emateko. Lasterketa aurretik eman ahal izango da. Korrikalari bakoitzak 15 euro ordaindu beharko du. Aur­ten, lehenengo aldiz, korrikalariek txipa izango dute oinean. Hala, irteeratik helmugarako bidean egiten duten denbora zehaztasun osoz jakin ahal izango da. Txipa eta dortsala hartzeko helmuga ondora joan behar da (Urbieta kalea), 16:00etatik 18:15etara. Lasterketa bukatu ostean, txipa (txuria) itzuli behar da helmugan. Lasterketa, 18:30etan abiatuko da, Urbieta kaletik. Ibilbidea 4,5km-ko zirkuitua izango da, herrian barrena. Ohi bezala, bi buelta eman beharko dizkiote korrikalariek. Beraz, 9km-ko lasterketa izango da. Sari banaketa eta zozketak, lasterketa bukatu bezain pronto egingo dira (sailkapenak eskuratzean), 19:45ak inguruan.

Masajea, dutxak, kamixetak...
Lasterketan zehar hainbat zer­bitzu izango dira. Esa­te­rako, 4garren, 5garren eta 7ga­rren kilometroetan eta helmugan ura egongo da. Horrez gain, helmuga ondoan masajeak doan jasotzeko gune bat ere izango da. Kiroldegian, berriz, aldatzeko eta dutxatzeko auke­ra izango da, doan. Hori gutxi balitz, parte hartzaile guztiei oroimen kamixeta banatuko zaie helmugan.

Haurrak, aurretik
Lasterketa nagusia hasi aurre­tik, haurren txanda izan­go da. Arratsaldeko, 17:40etan abiatuko dira benjaminak (2002-2001ean jai­oak). 600m-ko ibilbidea egingo dute. Ondoren, 17:50etan, alebinen txanda izango da (1999-2000an jaio­ak). 1.200m-ko ibilbidea egingo dute. 18:00etan, berriz, infantilak aterako dira (1997-1998an jaioak) eta 2.400m-ko ibilbidea egingo dute. Eta helduekin batera, 18:30etan, kadeteek hartuko dute parte (1995-1996ean jaioak), zirkuituari buelta bat eman beharko diote, hau da, 4.500m-ko ibilbidea egingo dute. Izena, bertan emateko aukera ere izango dute.

Parte hartuko duten hernaniarren argazkia
Lasterketan parte hartuko du­ten hernaniarren argazkia aterako du gaur Hernaniko Kronikak. Hitzordua 18:00e­tan da, Atarrabiyon.


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!