San Joan jaiak iragartzen aurrena izango da aurten ere, Preludio Txikia. Hernaniko zazpi taldek hartuko dute parte kontzertuan: Elizatxo, Langile eta Urumea ikastolek, Inmakulada ikastetxeak, Musika Eskolak, Kantuzek eta Ttarla dantza taldeak.
Txalapartariek zabalduko dute emanaldia, eta ondoren, Ttarlako dantzariak eta txistulariak igoko dira taula gainera. Segidan, trikitilari, soinujole eta saxojoleen txanda izango da. Eta amaieran, Musika Eskolako eta ikastoletako abesbatzek izango dute protagonismoa. Zazpi abesti interpretatuko dituzte: Iritsi da eguna, Ur azpian, Xalbadorren heriotza, Muxu bat, Hernaniko martxa, Mendirik Mendi eta San Juan zortzikoa.
Euri iragarpena dela eta, emanaldia Atsegindegin egingo da, 19:00etan hasita.
Gatibu bihar, Preludio Nagusiko gonbidatua
Preludio Nagusia Atsegindegin izango da baita ere, bihar 22:30etan hasita. 18 taldek hartuko dute parte aurten, eta gonbidatu berezi bat ere izango dute: Gatibu taldea. Preludioak 16 abesti interpretatuko ditu, eta horietatik 2 Gatibuko kideekin abestuko dituzte: Bang-bang txiki-txiki bang-bang eta Zeu, zeu, zeu! abestiak.