Jaien barruan, egun haundia dute gaur Ereñotzun: San Antonio Eguna. Eta hori horrela, ikuskizun eta ekitaldiz bete-betea izango da gaurko eguna. Hasteko, meza izango da, 08:00etan eta 10:30etan (Meza Nagusia).
Eguerdiko 12:30etatik aurrera, ez da girorik faltako. Ordu horretan, herri kirolak izango dira plazan. Aizkoran, Fausto Mugerza eta Jon Beltza ariko dira. Haimar Irigoien eta Agustin Landarbide, berriz, harri jasotzen. Ondoren, Jexux Mari Irazu eta Sustrai Colina bertsolarien lehenengo emanaldiaz gozatzeko aukera izango da.
Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, Euskal Jaia izango da: toka, sagardoa, trikitixa... Eta bertsolarien bigarren saioa.
Afariko txartelak, 20 euroan
Eguna ondo bukatzeko, afari herrikoia izango da plazan, bakarrizketek girotuta. Txartelak Ur Mia elkartean daude salgai eta 667 664 424 telefonora deituta ere erreserbatu daitezke. Prezioa: 20 euro.
Sagardoa eta bertsoa, atzo
Atzo sagardo probaketak eta bertso jaialdiak jarri zuten giroa. Hernaniko eta inguruko 7 sagardo probatzeko aukera izan zen, txorixo pintxoak lagunduta. Bertsotan berriz, plaza bete zen; izan ere, punta-puntako bertsolariak aritu ziren: Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Unai Agirre, Unai Iturriaga eta Beñat Gaztelumendi. Atzokoan Joxe Agirre bertsolariak ezin izan zuen jaialdira joan, urtero ohi bezala, eta omenaldi txiki bat egin zioten, bakoitzak bertso bana kantatuz.
GAURKO EGITARAUA:
12:30, Herri kirolak, plazan. Hizlaria Sarasola. Aizkoran Fausto Mugerza eta Jon Beltza. Haimar Irigoien eta Agustin Landarbide harri jasotzen.
Ondoren, Jexux Mari Irazu eta Sustrai Colina bertsolarien 1go emanaldia.
18:00, Euskal Jaia: toka, sagardoa,
trikitia…
Ondoren, bertsolarien bigarren saioa.
20:30, Afari herrikoia plazan. Girotzeko ‘Bakarrizketak’ euskaraz Ione Gorrostazu, Olatz Etxeberria eta Mailu Arrutirekin.