san antonio jaietan murgilduta daude ereñotzuarrak, eta gaur dute ospakizunetako hirugarren eguna. Bi ekitaldi nagusiak goizean eta arratsaldean banatu dituzte: goizeko 11:30etan sagardo probaketa egingo da, Ur Mia elkarteak antolatuta. Zazpi sagardo izango dira aukeran, Plazan: Elutxeta, Iparragirre, Elorrabi, Otsua-Enea, Olaizola, Goiko Lastaola eta Larre-gain. Arratsalderako berriz, punta-puntako Bertso Jaialdia antolatu dute: Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Unai Agirre, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi. 19:00etan hasiko da jaialdia, Plazan baita ere. Bi ekitaldi horiez gain, diana, trikitilariak, dantza erakustaldia eta jaietako errifen zozketa ere antolatu dituzte gaurko.
Herri kirolak eta Euskal Jaiak, San Antonio egunean
Festetako egun haundia biharkoa da, eta egitarauari erreparatuz gero, izango da zaindariaren eguna zerekin ospatu. Goizean herri kirol erakustaldia egingo dute Plazan. 12:30etan hasita, aizkoran, ariko dira Mugerza eta Beltza; eta harria jasotzen Irigoien eta Landarbide. Arratsaldean berriz, toka, sagardo eta trikitilariekin Euskal Jaiak ospatuko dituzte. Eta noski, San Antonio egunean ere, ez da bertso saiorik faltako: bi saiotan, goizez eta arratsaldez, Irazu eta Colina bertsolariak ariko dira.
Pelota partiduak,
jaiak bukatzeko
Jaiei bukaera Ugaldetxon emango diete etzi: hiru pelota partidu jokatuko dituzte. Ondoren, Lasarte, Iurramendi, Azpiroz eta Gaztelumendik bertso saioa eskainiko dute; eta azkenik toka txapelketa eta Kupelarekin dantzaldia izango da. Jaiak suzirien jaurtiketekin agurtuko dituzte, aurten ere.
Umeak protagonista, atzo
Atzo, txikienek ez zuten aspertzeko aukerarik izan. Goizean goizetik puzgarriak izan zituzten eta arratsalde partean, mozorro festa eta txokolatada.
Horrez gain, Bola Txapelketa izan zen atzo. Honakoak emaitzak: Migel Arrospidek 37 brila, Andoni Berasategik 37, Nikolas Igarzabalek 37, Martin Retegik 36, Leandro Minerrek 35, Migel Burugainek 35, Antonio Minerrek 34, Ibon Minerrek 34 eta Joxe Ugaldek 29. Atzoko tiraldiarekin Hernani mailako txapelketa hasi da eta sailkapena honakoa da, oraingoz: Migel Arrospide, Leandro Miner, Migel Burugain, Antonio Miner, Ibon Miner eta Joxe Ugalde. Beste bi tiraldi gehiago izango dira: ekainaren 19an, Goiz Eguzkiko bolatokian eta ekainaren 25ean, Benta Berriko bolatokian. Azken hori, San Joan Jaietako tiraldia ere izango da.
Toka Txapelketa ere jokatu zen atzo. Antonio Amundarain izan zen onena, 14 jota. Bigarrena, Karlos Irastorza 13rekin, hirugarrena, Prudentzio Olano 13rekin eta laugarrena, Eduardo Alvarez 12rekin. Lehenengo ereñotzuarra Pedro Oiarbide izan zen 9 jota.
EKAINAK 12, IGANDEA
GOIZEZ:
08:30 Hernaniko txistulariekin diana.Trikitilariekin kalejira.
11:30 Sagardo probaketa, Ur Mia elkarteak antolatuta, plazan. Sagardotegiak: Elutxeta, Iparragirre, Elorrabi, Otsua-enea, Olaizola, Goiko-Lastaola eta Larre-gain.
ARRATSALDEZ:
19:00 Bertso Jaialdia: Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Unai Agirre, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi.
Ondoren, jaietako errifen zozketa.
EKAINAK 13, ASTELEHENA: SAN ANTONIO EGUNA
GOIZEZ:
12:30 Herri kirolak, plazan. Hizlaria Sarasola. Aizkoran Fausto Mugerza eta Jon Beltza. Haimar Irigoien eta Agustin Landarbide harri jasotzen.
Ondoren Jexux Mari Irazu eta Sustrai Colina bertsolarien lehenengo emanaldia.
ARRATSALDEZ:
18:00 Euskal Jaia: toka, sagardoa, trikitia…
Ondoren Jexux Mari Irazu eta Sustrai Colina bertsolarien bigarren saioa.
20:30 Afari herrikoia plazan. Afaria girotzeko ‘Bakarrizketak’ euskaraz Ione Gorrostazu, Olatz Etxeberria eta Mailu Arrutirekin.
EKAINAK 14, ASTEARTEA: UGALDETXON FESTA
ARRATSALDEZ:
17:00 Pelota partiduak Ugaldetxoko frontoian
Ondoren Arnaitz Lasarte, Oier Iurramendi, Asier Azpiroz eta Unai Gaztelumendi bertsolarien emanaldia.
19:00-20:00 Toka Txapelketa.
20:30 Kupelarekin erromeria.
Jaiei amaiera emango zaie suziriak jaurtiz.