Xabier Otegi: «Eskabadorak etxe ondoan ikusten dituzunean barruak mugitzen dira»

Kronika - Erredakzioa 2011ko eka. 12a, 02:00

Hiru kidek hitz egin zuten Kontrakantxan joan den ostegunean. Abiadura Haundiko Trenaren lanak hasiak dira Tolosaldean, eta lurrak espropiatu dizkieten lur jabeek beraien bizipenak azaldu zituzten Hernanin. Hernanin espropiazioak egiten hasiak dira, eta obrak epe motzean hasiko direla aurreikusten da.

Hernanin hasiak dira es­propiazio lanak, Abiadura Haun­diko Trena dela eta. Obrak epe motzean hasiko di­rela aurreikusten da, eta horregatik, AHTren kontrako taldeak hitzaldia antolatu zuen joan den astean, bigarren fase hori bizitzen ari diren afektatuekin. Unai Zendoia, Xabier Otegi eta Martin Man­chok adierazi zuten, «amesgaizto bat» dela AHTren obra. «Aspaldi jakin genuen gure terrenoak espropiatuko zituztela; ordutik bo­rrokatu dugu, babes haundirik gabe, horren kontra. Baina, eskabadorak etxe ondoan ikus­ten dituzunean barruak mugitu egiten dira. Eta egiten duten modua oraindik txarragoa da: izkutuan ari dira, eta etengabeko hitz-jate bat da».

Tolosan, 100 afektatu inguru
AHTk 100 bat lur-jaberi espropiatuko dizkie lurrak To­losako tramoan. Xabier Otegik San Esteban auzoan dauka baserria eta Unai Zendoiak Ugane auzoan. Otegiri baserritik 30 metrora pasako zaio trena, eta gogoan du Aranea baserria nola bota zuten. «Aranea espropiatuta zegoen, baina noiz botako zuten ez zekiten. Inork abisurik eman gabe, 11:30etan bankuan in­gre­soa egin, eta 12:30etan bo­tatzen ari ziren baserria». «Ugane eta Aldabako bizilagunak bigarren fasean gaude. Kamioiak eta eskabadorak etenik gabe ari dira lanean. Kontinuo gainean egon beharra dago, bestela nahi dutena egiten dute. Bidea lokatzez betea, seguritatekoak kotxean ziztu batean, kotxea adinako harriak bidera erorita... noiznahi 30 minutuz geldirik, lanera edo etxera joan ezinda...» dio Zendoiak.

«Lanak, sobrelamartxa»
Zendoiak dioenez, lanak aurrez gehiegi planeatu gabe ari dira egiten. «Pista bat irekitzen dute, kriston txikizioa eginda, eta ez dakigu zergatik, gainetik beste bat ireki dute oraintxe; sobrelamartxa ari dira». Otegi: «Diruarekin dena konpontzen dela uste dute. Guri sagastia bota digute, abisurik eman gabe. Oraindik baimenik ez dutela esan, eta beraiek baietz uste zutela. Lasai egoteko, ordainduko omen zigutela... Gauzak ez dira horrela!». «Bi iturri ditugu, eta ez ziguten esaten bat kenduko ziguten, bat ere ez, edo biak. Azkenean biak kenduko dizkigute. Baina lasai egoteko esan digute, ura nonbaitetik ekarriko omen digutela... Ez dute ulertzen, guk betidanik hortik edan dugula, eta horrek zer esan nahi duen guretzat».

«Talka egiten dugu»
Martin Manchok jarraitu ditu espropiazioak, herri batean eta bestean, eta berak adierazi zuenez, bi bizitza ereduk talka egin dute AHTrekin. «Pista bat irekitzeko, basoa bota behar dela, eta? Zu­haitz bat, x euro dira haientzat. Bi bizitza ereduk talka egin dute».

‘AHTk Txikitu’
Eguna, Hernanin
Ekainak 18
12:00: Dossierra aurkeztuko dute: AHTren kontrako mugimendua eta errepresioa: ibilbide politiko eta historikoa. Kontrakantxan.
14:30: Bertso-bazkaria: Iñaki Gurrutxaga eta Iñigo Manzisidor Mantxi. Tilosetan. 6 euro.
19:00: Manifestazioa: Ez errepresiorik, ez AHTrik. Gudarien plazatik.
23:00: Kontzertuak: KOP eta ESTRICALLA. Kontrakantxan. 6 euro.
SARRERAK SALGAI:
Aker, Goiz Argi eta Garin tabernetan

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!