Hernanik, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazteko faboritoa den Oiartzuni 0-3 irabazi zion herenegun, finalerdietako joaneko kanporaketa. Hernaniarrak fin aritu ziren eta horrez gain, zorte pixka bat ere aldeko izan zuten; izan ere, Oiartzungo bi atzelarik min hartu zuten, lehenengo bi partiduetan. Kadeteetan, Egoitz eta Josu Altuna anaiek 12-22 irabazi zuten. Zapirain eta Ugalde izan zituzten aurrez aurre, hasieran, baina Ugaldek min hartu zuen 4-5 zijoazela eta Floresek ordezkatuta, hernaniarrei gauzak erraztu zitzaizkien. Jubeniletan, Eneko Lujanbio eta Aritz Murgiondo nagusitu zitzaizkien 11-22. Kasu honetan ere, Oiartzungo atzelariaren lesioak garaipena erraztu zien hernaniarrei. Seniorretan, Ioritz Arrietak eta Aitor Gorrotxategik oso erraz irabazi zien Martinez eta Irastorzari: 7-22.
Buelta, larunbatean Hernanin
Bueltako kanporaketa datorren larunbatean jokatuko da, 19:00etan, Hernanin. Pelotazaleen laguntzarekin, taldeak aukera haundiak dauzka finalera sailkatzeko, hirugarren urtez jarraian eta zortzigarren aldiz azken 11 urteotan.