INES Lizasok hamabi urte daramazki herri eta plaza ezberdinetan etxean ekoizten dituzten barazkiak saltzen. Eulali, ahizpa, izaten du lagun postuan, eta azken urteetan, Behemendirekin batera, Amara, Hernani, Gros eta Antiguako azoketan izaten da. Gaurkoan, hilabeteko bigarren larunbata izaki, Plaza Berrin jarriko du postua. Baina, tipula, porrua, azelga, erremolatxa, aza, azenarioa, babarrun txuri eta beltzak, intxaurrak eta arraultzak ekarriko ditu gaur azokara, guztiak Urnietako Igarategi baserrian jasoak. Barazki postuez gain, beste hainbat postu ere izaten dira Behemendiko azokan, hala nola, landareak, gaztak, gozoak eta abar. Ines Lizasok azaldu duenez, azokak harrera ona du Hernanin, eta herritar ugari hurbiltzen dira garaian garaikoa erostera: «asko estimatzen dute bertako baserrietako produktuak izatea. Urte osoan zehar azenarioa, azelga eta porrua dira gehien saltzen direnak... baina momentuko produktuek ere izaten dute bere arrakasta. Berehala, hasiko gara tomatea eta gindillak ekartzen».
Bidezko merkataritza ere, gaur
Behemendiko azokaz gain, Bidezko Merkataritzako postuak ere jarriko dituzte gaur Plaza Berrin. Goizeko 10:00etatik 13:00etara izango da aukera.