Hemeretzi erremontista lehiatuko dira, Kutxa Saria jokatzeko

Kronika - Erredakzioa 2011ko eka. 11a, 02:00

Banakako Txapelketa Na­gusia abuztuan jokatuko da, eta Oriamendi enpresak txapelketa hori jokatzeko aukera eman die hemeretzi erremontistei. Ast­e­az­­kenean aurkeztu zuten Kutxa Sariko prebia, 19 erremontistekin, eta partiduen egutegia eman zuten. Txapelketa eskailera formatuan jokatuko da, eta lau taldetan egongo da banatuta. Lau taldetako buruak pasako dira final laurdenak jokatzera. Final laurdenetako bi onenak berriz, finalerdietara pasako dira. Eta azkenik, Prebiako erremontista onenak lortuko du Banakako Txapelketa Nagusia jokatzeko pasea.

Urko eta Urrutia IIa gaur,
aurrez aurre

Prebiako aurreneko partidua gaur jokatuko da, Galarretan: Urko eta Urrutia IIa izango dira aurrez aurre. Eskaile­rako talde honetan, irabazleak Oñatzen kontra jokatuko du hurrengo partidua; hirugarren partidua Urtasunen kontrakoa izango da; eta eskailerako azkenekoa, final laurdenetakoa, Olazarren kontrakoa izango da.
Bigarren partidua asteartean jokatuko da, Barrenetxea IV eta Matxin VIaren artekoa. Talde honetan, Agirresarobe izango du irabazleak zain; final zortzirenetan Jon sartuko da ligillan, eta final laurdenetan Matxin IV.
Hirugarren partidua be­rriz, ostegunean jokatuko da, Zu­laika eta Zubiriren artean. Es­kaileran zain izango dituzte Ma­txin IIIa lehendabizi, Etxa­be II ondoren, eta Uterga bukaeran.
Azkenik, laugarren partiduan Aizpurua eta Agirre­zabala izango dira aurrez aurre. Talde honetan, zain izan­go dituzte Endika lehendabizi, eta Juaristi ondoren.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!