ACTko himnoa abestuko dute etzi Santanderren, Ozenki, Kantuz, eta Umore Ona abesbatzek

Kronika - Erredakzioa 2011ko eka. 9a, 02:00

ACTko aurkezpen-ekitaldian izango dira etzi Umore Ona, Kantuz eta Ozenki abesba­tzak. 2011ko denboraldia aurkeztuko dute Santanderreko Jaial­dietako Jauregian, eta ohizko ekitaldiez gain, abesbatzen emanaldia izango da aurten ere. Imanol Ka­mio­ren zuzendaritzapean himnoa eta beste hainbat abesti eskainiko dituzte. Aurkezpen-ekitaldia arra­tsaldeko 20:00etan hasiko da, Jauregiko Ar­genta Salan. Orain bi urte Bilbon egin zuten, eta joan den urtean Donostian egin zuten ekitaldia. Hain zuzen, orain urtebeteko ekitaldi horretarako egin zuen Imanol Kamio ereñotzuarrak himnoa.

Sari banaketak
eta abesbatzen emanaldia, ekitaldiko ardatza

Aurkezpen ekitaldian arraun munduko zaletu ugari espero dira, hala nola, patrozinatzaile nagusiak, eta denboraldian parte hartuko duten 12 klubetako ordezkariak.
Ekitaldiko momentu na­gusia sari banaketa izango da. Antola­tzaileek azaldu dutenez, sari ugari banatuko di­tuzte aurten, joan den denboraldiko onenei: denboraldiko traineru onenari, kirol meritu haundienari, harrobi onenari, entrenatzaile onenari, patroi onenari, gehien nagusitu den organizazioari eta afizio onenari. Sari guzti horiez gain, berezi bat ere emango dute etzi: arraun munduan gehien nabarmendu eta gehien lagundu duen pertsona, elkarte edo taldeari saria.
Sari banaketen ostean es­kainiko dute hiru abesbatzek emanaldia, himnoa eta guzti.

Itsasoa eta arraunlariak
gogoan hartuta egindako himnoa

Joan den urteko ekainaren 11n aurkeztu zuten Kur­saa­lean himnoa, 1.500 lagunen aurrean.  4 minutuko iraupena du, eta bi zati nagusitan dago banatua. Kamiok, egileak, azaldutakoaren arabera, arraunlari guztiek himnoa beraiena sentitzea bilatu du: «itsasoa eta arraulariak gogoan hartuta egin nuen».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!