Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Donostiako Auzitegiak Hernaniko Udalaren aurka jarritako kautelazko neurria, merkatarien hondakinak atez ate biltzeko ontziak erosteari dagokionez. Donostiako Udalak aurkeztutako salaketa medio hartu zuen erabakia Donostiako Auzitegiak 2010eko maiatzaren 4an. Horren aurrean helegitea jarri zuten Hernaniko Udalak eta San Marko Mankomunitateak eta helegite horren ebazpena izan da Auzitegi Nagusiak eman duena, hau da, kautelazko neurria bertan behera uztea epai definitiboa iritsi bitartean.
Ezin kabalak egin
Orain dela hiru aste ere, Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen Donostiako Auzitegiak Hernaniri jarritako beste kautelazko neurri bat; kasu horretan, hondakinak biltzeko konpetentzien gainekoa. Hori horrela, Marian Beitialarrangoitia Alkateak adierazi du, aurreko ebazpenean bezala, berriro Udalaren helegiteak egin duela aurrera eta Auzitegi Nagusiak ez dituela aintzat hartu Atez Atekoa gelditzeko asmoz jarritako helegiteak. Alkateak gaineratu duenez, «epaileek beraiek, Donostiako Udalari arinkeriaz jokatzea egozten diote, esaten baitiote kautelazko neurriak eskatzeko orduan ezin direla kabalak egin».