Zaharren Egoitzako eraikin berria ia prest dago, guztiz martxan jartzeko. Zaharren Egoitzako lehenengo eta bigarren pisuko zenbait altzari falta dira; hirugarren pisua, berriz, guztiz osatua dago. Eguneko Zentrua eta apartamentu tutelatuak ere prest daude. Eta hori guztia ikusteko aukera izan zuten atzo herritarrek, Udal ordezkarien eskutik. Izaskun Ezeiza, Ongintzako Lehendakariak azaldutakoaren arabera, pare bat hilabete barru guztiz martxan jartzea espero dute. Horretarako, Diputazioak azken onarpena ematea falta da. Ezeizak gaineratu zuen, Udalaren helburua bete dela.
Aurkezpen ekitaldian egungo Udal ordezkariak izan ziren, besteak beste, Marian Beitialarrangoitia Alkatea, Izaskun Ezeiza Ongintzako Lehendakaria, Joxe Leon Etxart Ongintzako teknikaria, Andoni Amonarraiz zinegotzia... eta Gobernu Talde berria osatuko duten Bildu koalizioko hainbat ordezkari. Horien artean izan ziren Luis Intxauspe Alkategaia eta Gloria Mendinueta Ongintzako Lehendakaria izango dena, Ezeizaren ordez.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!