«Helburua da AHTk kaltetutako guztiak batzea, elkartasuna adieraztea eta inposaketa salatzea»

Kronika - Erredakzioa 2011ko eka. 15a, 02:00

«AHT egiazko informaziorik gabe, eta jendearen partehar­tzea galerazita garatzen ari den proiektua da. Opo­sizioa kriminalizatua eta gogorki erreprimitua izan da. Hau da, AHT indarrez inposatutako egitasmoa da», hala deskribatu zuten atzo pren­tsaurrean AHTaren proiek­tua, Her­na­niko AHT­aren aurkako kideek. Pren­tsaurrean, K-AHT-EAK Txikitu ekimena aurkeztu zu­ten, larunbaterako antolatutako ekitaldiak azaldu zituzten, eta argitaratu berri du­ten txostenaren berri ere eman zuten.

«Kaltetutako batzuk bildu ondoren sortutako taldea da K-AHT-EAK txikitu»
K-AHT-EAK Txikitu ekimena 2010 urtearen bukaeran sortu zela adierazi zuten atzo, «errepresaliatutako batzuk bildu ondoren erabaki ge­nuen sor­tzea». Segidan, taldearen hiru helburu nagusiak azaldu zituzten: batetik, AHTak kaltetutako guztiak elkartzea bilatzen duela azaldu zuten; indarra batu eta erabakiak batera hartzeko asmoarekin: «euren arteko koordinazio minimo bat sortzea da helburua, eta hainbat tresna erabiliz, isunei aurre egitea»; bestetik, erreprimituak edo kaltetuak izan diren per­tsonei elkartasuna adieraztea ere bilatzen dutela jakinarazi zuten; eta hirugarren helburua proiektua aurrera eramateko erabiltzen ari den metodoa salatzea dela gaineratu zuten: «proiektua gara­tzeko erabil­tzen ari den inposaketa iritzi publikoaren aurrean salatzea da helburua». Egun osoko egitaraua, larunbaterako Ekimenaren harira, K-AHT-EAK Txikitu eguna antolatu du­­te larunbatean, eta atzo ezagutarazi zuten egitaraua. Goi­zeko 12:00etan, argitaratu berri duten txostena aurkeztuko du­te, AHTren aurkako mugimendua eta errepresioa: ibilbide politikoa eta historikoa izenekoa. Ondoren, 14:30­etan, Tilosetan bilduko dira bazkaltzera; bertan, Gurrutxaga eta Man­cisidor ber­tsolariak ariko dira bertsotan. Arratsalderako be­rriz, manifestazioa antolatu dute; 19:00etan aterako da, Plazatik, Ez errepresiorik, ez AHTrik lemapean. Azkenik, Kop eta Estricalla taldeek kontzertua eskainiko dute Gaz­tetxean, 23:00etatik aurrera. Bazkarirako eta kontzertuetarako sarrerak salgai daude, Garin, Goiz Argi eta Aker tabernetan. Prentsau­rrean dei egin zieten AHTren aurka dauden guztiei larunbateko ekitaldietan parte hartzera.

Errepresioaren aurkako txostena, ibilbide politikoa eta historikoa azaltzeko
Talde berriaz gain, egin berri du­ten txostena ere aurkeztu zu­­ten atzo prentsaurrean: erre­presioaren aurkako txostena dei­tzen diote, eta AHTren aur­kako mugimendua eta errepresioa: ibilbide politikoa eta historikoa izena du. Azaldu zutenez, AHT­ren inguruan izandako «errepresioa eta kriminalizazioa» bere osotasunean bildu na­hi zuten txostenean, eta ho­rretarako, oposizioaren partehartzea eskatu zuten. Ondorioz, adierazi zuten, lan hau «jende askoren ahaleginez» osatua dagoela. Txostenak 54 orrialde ditu eta bost euroan salduko du­te, Euskal Herri mailan; le­kuak zehazteko daude. Ata­lei dagokienez, txostena sei ataletan dago banatuta: hi­tzaurrea; gaiak (prentsa, kanpinak, ekintzak....); kronologia errepresiboa; balorazio juridikoa; hausnarketa eta ondorioak; eta gehigarria. Txostena saltzen lortutako dirua «errepresioaren aurkako ekitaldietan eta enkausatuei laguntzeko» erabiliko du­tela gaineratu zuten. Azkenik, txosten hau oraindik bukatu gabe zegoela azpimarratu zu­ten: «zoritxarrez, txosten hau bukatu gabe dago, bai baitakigu errepresio gehiago izango dela, eta gertatutako kasu askoren ondorioak oraindik kaleratzeko daudela».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!