Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, Hernaniko errugbi elkarteak VIII. Garagardo Azoka antolatu du. Bihar irekiko ditu ate eta kaineroak eta igandera bitarte garagardo ezberdinak probatu eta halako azoketan ohikoa den janaria jateko aukera izango da, Atsegindegi plazan. Azokaren irekiera ekitaldia bihar, arratsaldeko 20:00etan izango da, neska taldearen aurkezpenarekin. Izan ere, nesken taldea izango da datorren denboralditik aurrera, senior mailan.
14 garagardo
Guztira 14 garagardo izango dira aukeran: Paulaner Org. Munchner, Paulaner Salvator, Paulaner H.W., Affligem Blond, Affligem Dubbel, Guinness, Murphy Roja 2006, Amstel Oro, Amstel, Maes, Heineken, Buckler, Cruzcampo eta Newcastle.
Garagardoaz gain, ukondoa, saltxitxak eta euskal oilaskoa jateko aukera izango da, patata purearekin.
Bihar, gaueko 00:30ak arte, afariak
Ordutegiari dagokionez, bihar eta ostiralean afaltzeko orduan egongo da zabalik Garagardo Azoka, hau da, arratsaldeko 19:00etatik gaueko 00:30etara. Larunbatean eta igandean, berriz, afaltzeaz gain, bazkaltzeko aukera ere izango da. Larunbateko ordutegia, honakoa da: eguerdiko 12:30etatik goizaldeko 01:00ak arte. Igandekoa, berriz, ondorengoa: eguerdiko 12:30etatik gaueko 22:00ak arte.