Auzokoak gogoratuz hasi zituzten atzo jaiak Osiñagan. Nikolas Goikoetxea Elorrabikoa eta Arantxa Altuna Perrapakoa omendu zituzten, 1943an jaiotakoak biak. Anjel Mari Peñagarikano eta Millan Telleria bertsolariek egin zuten lan hori eta plaka bana eman zitzaien.
Arratsaldean ere eskerrak emateko eguna izan zuten atzokoa, Osiñagan. 20 urte badira festak antolatzen dituztela, eta urte horietan guztietan laguntza eman dutenei eskerrak eman zizkietan: Xapre eta Furriela trikitalari eta panderojole zaldibitarrei, 20 urteetan izan baitira bertan; Telleria eta Peña bertsolariei, hauek ere azken urte gehientsuenetan hor izan direlako; eta Arriatsu baserrikoei, urtero terrenoak uzteagatik, festak egiteko (Manoli eta Esti ama-alabak izan ziren bertan).
Baina Osiñagak behar du bere lehia puntua, eta atzo ere izan zen hartarako aukera. Zaldi dema Azkonobietaren zaldiak irabazi zuen, 78 plaza eginda, 800 kg-ko harriari tiraka. Imanol Paollaren zaldiak 72,5 egin zituen. Pelotako sariak ere atzo eman ziren. Irabazle: Auritz Artola eta Iñaki Urruzola; bigarren: Xabat Pagola eta Iraitz Arruti. Bukatu dira 20garren jaiak, Osiñagan, beste hainbeste egiteko gogoz eta indarrez.