Irati Sarasua Arabaolaza:
Zaharren egoitza
Zer da Zaharren egoitzan egiten duzuen lana?
Jarraipen bat egiten diegu. Alde batetik, eguneroko ekintzak ditugu eta bestetik, urte guztikoak. Egunerokoan helduaren egoera animikoa aztertzen dugu (pozik dauden edo ez, hitz egiten duten, eta abar), eta nola ari den integratzen besteen artean. Urtean behin bakoitzaren egoeraren jarraipen edo balorazioa egiten da: hobera edo okerrera egin duten, nahasteren bat azaldu den... eta horren arabera, helburuak erabakitzen dira.
Zein ekintza egiten dituzue?
Lau arlo lantzen ditugu: Osasun fisikoa eta psikikoa, erlazio soziala eta aisialdiko ekintzak.
Arlo bakoitzean hainbat ekintza egiten ditugu. Fisikoan esaterako, soinketa egiten dugu; psikikoan erlajazioa, orientazioa, memoria eta euren egoeraren balorazioa; eta erlazio sozialetan orientazioa lantzeaz gain, komunikazio gaitasuna eta euren arteko harremanak. Askotan hori egiten ez bada beraien artean ez da komunikaziorik izaten, eguneko orduak eserita euren artean hitz egin gabe pasatzen baitituzte. Beraz, askotan gai bat proposatzen diegu eta horren inguruan hitz egiten pasatzen dute denbora asko.
Egunean ekintza desberdinak egiten dituzue?
Bai. Egunero zazpi ordu inguru pasatzen dituzte ekintzak egiten. Goizean lau ordu eta arratsaldean hiru. Egoitzan 111 pertsona daude eta gehiengoak parte hartzen du, batez ere ospakizun ekintzetan. 25 pertsona inguruko taldeak izaten dira normalean, baina arratsaldean jende gutxiago egoten da, familiakoen bisitak direla-eta, edo besterik gabe pasaeran joaten direlako.
Taldeak solairuka egiten ditugu. Zaharren egoitzan hiru solairu daude, hirugarrenean dependentzia maila baxuena dutenak daude eta lehenengoan altuena dutenak. Horren arabera ekintzak ezberdinak izaten dira, hau da, beraien behar eta aukeretara egokitzen ditugu eta talde bakoitzarekin begirale bat egoten da.
Baditugu egunero egiten diren ekintzak eta baita astean behin egiten direnak ere. Gimnasia eta memoriaren inguruko ekintzak adibidez egunero egiten dira, baina erlajazioa, Bingoa eta psikoestimulazioa esaterako astean behin.
Asteburuetan zer egiten duzue?
Duela lau urte inguru asteburuetan taldeak egiten hasi ginen eta egia esan oso harrera ona izan du. Asteburuko ekintzak aisialdikoak izaten dira orokorrean, karta txapelketa bezalakoak, eta oso gustura aritzen dira parte hartzen dutenak.
Ekintza horietaz gain berezia den zerbait egiten duzue?
Ospakizun programa daukagu. Azken batean, gauzak egiteko aitzakiak bilatzen ditugu, eta herriko jaiak edo udaberriko ekintzak horretarako paregabeak dira.
Irteerak ere egiten ditugu. Udaberri eta udazkena bitartean egiten dira, hilabetean bat gutxi gora behera. Udan adibidez, Donostiara paseatzera joaten gara, baita Aste Nagusira edo museoak ikustera ere. Gauza zehatzak eta oso ondo planifikatuak izaten dira helduekin egiten ditugunak, eta egin aurretik beraiekin kontsultatzen dugu egin nahi dutenaren inguruan. Beraiek gogo haundiz egiten dituzte horrelako irteerak eta irteera aurreko bi asteak urduri pasatzen dituzte. Egin dugun irteera bereziena Elutxeta sagardotegira izan da: aurten 35 pertsona inguru joan dira eta oso gustura aritu dira.
Helduen jarrera nolakoa da?
Oso ondo hartzen dituzte ekintzak. Eguneroko ekintzetan ez du jende guztiak parte hartzen, baina parte hartu nahi dutenentzat oso onuragarria da. Eguneko orduak betetzeko dituzten ekintza bakarrak baitira. Heldu askorentzat oso egokia da egunero zenbait ekintza dituztela jakitea, egunerokotasuneko gauza bihurtu da eta horrek oreka ematen die. Horrez gain, beraien osasun fisiko eta psikikoan asko nabaritzen da, taldeek besteekin erlazionatzen laguntzeaz eta bizitza antolatzeaz gain erraztu ere egiten batie.
Jubilatu etxea
Zein ekintza egiten dituzue?
65 urtetik gorako hamabost laguneko hiru talde ditugu eta deigarriena da, talde hauetan bi gizon soilik daudela.
Astean behin biltzen gara eta bi orduko saioak egiten ditugu; bertan zer egiten ditugu? Batetik, taldeko parte direla sentiarazten diegu, eta beraien arteko komunikazioa lantzen da. Horrez gain, bakoitzari begira, ondo sentitzeko ariketak egiten dira, autoestima lantzen da (gauzak egiteko gai direla ikusi dezaten, arazoak gainditzeko gai direla), autonomia ere lantzen da (berekasa gauzak egiteko gai direla), eta beren burua zaintzeak zer garrantzia duen ere azpimarratzen zaie.
Egiten ditugun ekintza batzuk: erlajazioa, gizarte eta komunikazio trebetasunak, talde dinamikak, aretoko dantzak, sukaldaritza eta risoterapia. Beti gauza ezberdinak egiten ahalegintzen gara.
Nolakoa da euren arteko harremana?
Oso harreman ona dute. Taldeak besteekin erlazionatu eta etxetik ateratzeko aitzakia paregabea dira. Askotan jende berria ezagutzen dute eta harreman estua egin, hortik aurrera kasu askotan elkarrekin geratzen dira arratsaldean pasieran atera edo kartetara jolasteko.
Zein adineko jendea egoten da?
Jubilatu-etxeko ekintzetan parte hartzen dutenen adinaren bataz-bestekoa 80 urte ingurukoa da, 67 urteko bi lagun daude talde batean eta baita 90 urteko bat ere.
Zein jarrera dute helduek?
Konprosimo handia erakusten dute, beti azaltzen dira klaseetara. Batzuk astean zehar ez dira batere ateratzen baina taldearekin biltzea beharrezkoa da beraientzat.