«43 urte daramazkit klubean, eta ia beti Hirugarren mailan ezagutu dut Hernani; hori da bere lekua». Hamar urte pasa dira Hernanik Hirugarren maila galdu zuenetik, eta Ricardo Ramos CD Hernaniko Lehendakariak emozioz bizitu ditu azken asteak, berriz ere maila historiko hartara igo delako taldea. Jon Loran eta Ibor Manzano ondoan dituela baloratu dute aurtengo denboraldia; «ahaztezina», hiruren esanetan, eta batez ere, taldeak erakutsi duen heldutasuna azpimarratu dute.
Azkoitiko kolpea, Hernaniko babesa, eta Arrasateko festa...
Tentsio eta emozio ikaragarriak bizitu dituzte CD Hernaniko kideek azken partiduetan, eta taldeak maisu erantzun duela diote hiru kideek. «Azkoitian enpatatu egin genuen, eta mundua gainera erori zitzaigun. Hurrengo egunean, ordea, Real Unionek ere enpatatu egin zuen, eta taldeak sekulako indarra hartu zuen. Real Unionen kontra irabazi egin behar zen Hernanin; hor, taldeak bakarrik ez, Zubipera jaitsi ziren 1.500 lagunek bultza zioten ekipoari, eta 1-0 irabazi genuen. Arrasaten irabaztea geratzen zen. Dena gure eskuetan zegoen. Eta 0-3 irabazi genuen; ametsa egi bihurtu zen». Ibor Manzano entrenatzailearen esanetan, momentu horietan ez zuten ezer berezirik egin taldea motibatzeko. «Gazteek bazekiten zer egin behar zuten; zer zegoen jokoan. Denak entrenatu dute gogoz, eta entxufatuta egon dira %100ean. Nere ustez, 10a merezi dute».
«Aitortu behar dut,
denboraldi hasieran ez nuela
horrelakorik espero».
Talde berri xamarrarekin hasi zuen Hernanik denboraldia, eta entrenatzailea ere berria zen. Ramosek aitortu du, ez zutela espero hain emaitza onik: «heldutasun hori, talde dinamika hori, Iborrek azaldu duen lasaitasun hori... ez genituen espero, egia esan behar badugu. Guk ere ez diegu presiorik jarri, eta azkenean emaitza zoragarria izan da».
Loran: «Iborren alde apustu egin genuen, ikusten genuelako zenbat eman zezakeen. Eta eskatu baino gehiago eman digu azkenean».
«Hirugarren maila gogorra da, eta prestatu beharra dago»
Adaptazioa azkartu beharra dagoela adierazi du Loranek, Hirugarren mailan gauzak dezente gogorragoak omen direlako. «Jende beterano asko dago Hirugarren mailan. Bizkaitarrak indartsuak dira oso, azkar egokitu behar dugu, aspektu guztietan».
«Hiru baja ditugun arren, taldea mantenduko dugu»
Taldearekin gustora daude arduradunak, eta ia osorik mantenduko dutela adierazi dute. «Adrian Gomez, Imanol Gurrutxaga eta Iñaki Zabaleta ez ditugu izango, ikastera kanpora dijoazelako. Horien ordez, gosearekin datozen gazteak nahi ditugu taldean», adierazi du Loranek.
Ibor Manzanok taldean segitzeko asmoa du «Realak deitzen ez badit behintzat», adierazi du parrez, donostiarrak.
Ilusioa, klub guztiarentzat
Datorren denboraldirako ilusioz dago CD Hernani osoa, Ramosek dioenez. «Direktibak, talde gazteek, ikusleek... denek sufritu eta gozatu dugu aurten taldearekin, eta ilusioa ere denek daukagu datorren denboraldiari begira».
Datorren urtean denen laguntza beharko omen dute: «herritar, bazkide, enpresa, Udala... espero dugu, tokatzen den mailan denek erantzutea».