Inskripzioa ostiralean itxi zuten; 200 lagun apuntatuta, ez dago gehiagorentzat aukerarik. Ereñotzuko Aurreneko Mendi Lasterketak ikusmin haundia piztu du, eta gaur, neurriko espektakulua izango da, Oindiko malkarretan.
Goizeko 10:00etan joko dute lehenengo esprina korrikalariek, Ereñotzutik Pikoagako zentralera bidean. Handik Oindiko bidea hartu, eta: Zulueta, Zuluetako gaina, Oindiko bi tontorrak, Munixko, Lepa Txiki, Usategieta, Gernikako Arbola, Fagollaga eta Ereñotzu. 12,7 km, gogorrak bezain ederrak, ikusle eta korrikalarien gozamenerako. Oindi mendiak 549 metro ditu, eta Ereñotzun 43 metrotik abiatuko dira. Desnibel pilatua, 630 metro; bide gehiena pistan, eta zailtasun teknikorik ez. Saltsa piztu du lasterketak, Ereñotzu, Hernani eta inguruan korrika ibiltzen den jendearengan, eta aseguratua dago festa; baita animatzaileen aldetik ere.
San Antoniotako preludioa
Datorren astean dituzte festak Ereñotzun, baina hasi, gaur egingo da jende-mugimendua. Dena prest dute antolatzaileek, eta gaur 50 lagun inguru ariko dira lanean, dena ondo atera dedin. San Antonioen preludioa, inondik inora, gaur izango dute Ereñotzun.
Antolatzaileek deia,
kotxea konpartitzeko
Antolatzaileek bi mezu zabaldu nahi izan dituzte proba aurretik. Batetik, kotxea konpartitzeko, auzoan pilaketarik izan ez dadin. Bestetik, eskerrak eman dizkiote laguntzen aritu diren guztiei, eta sariak jarri dituzten denda guztiei; bereziki Ibai-Mendiri, egin duen ahaleginagatik.