OSIÑAGAKO jaiak indarrean hasiko dituzte gaur, herri kirol desafioa antolatu baitute, Hernanin ezagunak diren lau kiderekin: Imanol Paolla eta Mikel Azkoneta ariko dira, Jon Larrañaga Larra eta Joxe Mari Miñei-ren kontra. Aizkoran, txingan eta korrika neurtuko dituzte indarrak, eta hori arratsaldean izango da, 17:30etatik aurrera, eguneko nobedade gisara.
Horrez gain ordea, non gozatua izango da gaur, Osiñagan, edade eta gusto guztientzat. Goizean umeentzat Mountain Bike ibilaldia dute, 10:00etan, txupinazoa 12:00etan botako dute, eta arratsalde-gaua ere bete-betea daukate: bertsolariak 19:00etan; sagardo eta bakailo probaketa 19:30ak aldean, eta ondoren Laiotz, goizaldera arte, afaritako tartea hartuta.
Larra eta Paolla,
berriz ere zein baino zein
Larrak eta Paollak askotan neurtu izan dituzte indarrak elkarren kontra, eta gaur ere halaxe egingo dute, Miñei eta Azkoneta lagun dituztela. Ez nolanahiko laguntzaileak: Joxe Mari Miñei Astigarragakoa da, eta Mikel Azkoneta, Urnietakoa.
Egin beharreko lanak: aizkoran 3na kanaerdiko, txingan 8 plazako lana, eta korrika 3 km. Larra eta Paolla aizkoran ariko dira, eta Azkoneta eta Miñei txingekin. Korrika, laurak. Txandan egingo dute: enbor bat moztu, eta txingekin saioa; beste bat moztu, eta beste saioa... horrela hiru aldiz. Gero, korrika 3 km.
Mountain Bike, gazteentzat; sagardoa, bakailaoa eta
dantzaldia, nahi duenarentzat
Umeek ekingo diote festari, urtero bezala. Mountain Bike ibilaldia dute gaztetxoek, 10:00etan abiatuta, eta ondoren hamaiketakoa, indarrak errekuperatzeko.
Festak, ofizialki, 12:00etan hasiko dira, txupinazoarekin. Bazkaria, eta auzoko gazteen pelota partiduak ondoren. Desafioak jende dezente pilatzea espero da, eta ondoren, 19:00etan, gero eta indar haundiagoa hartzen ari den sagardo eta bakailo probaketa. Aurretik bertsolariak, tartean trikitia, eta ondoren dantzaldia, beti bezala. Laiotz ariko da festa jartzen, hutsik egin gabe: 20:30etatik 22:00etara, etenaldia, eta 00:30etatik aurrera...
EGITARAUA:
Ekainak 4, larunbata
10:00: Mountain bike haurrentzat, eta ondoren hamaiketakoa partehartzaileentzat.
12:00: Txupinazoa eta haur jolasak.
14:00: Bazkaria guretzat.
16:30: Auzoko gazteen arteko pelota partiduak.
17:30: Herri kirolak; zein baino zein, Larra eta Miñei, Paolla eta Azkonetaren kontra: aizkoran, txingan eta korrika.
19:00: Bertso saioa Bertso Eskolako bertsolariekin.
Ondoren: Sagardo eta bakailo dastaketa. Bitartean auzoko
trikitilariak arituko dira.
20:30etatik 22:00etara: Dantzaldia Laiotzekin.
00:30etan: Dantzaldia berriro Laiotzekin.
Ekainak 5, igandea
Egun osoan: XAPRE trikitixa taldea giroa alaitzen.
12:00: Auzokoak gogoratuz beheko zubian.
12:30: Helduen arteko pelota partiduak.
13:00: Auzoko trikitilarien saio berezia.
Ondoren: Telleria eta Peñagarikano bertsolariak.
14:00: Herri bazkaria Arriatsun.
18:00: Abere dema ikusgarria: Imanol `Paollaren´eta Azkonobietaren zaldiak. 800kg harriarekin.
Bi egunetan
Auzoko baserri eta etxeen argazki erakusketa.