Hernanik Bidegoienen aurka jokatuko du gaur, 19:00etan kiroldegian. Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan, finalaurdenetako bueltako kanporaketa izango da eta partidu gogorrak espero ditu. Joaneko kanporaketan 2-1 irabazi zuen Hernanik, baina finalerdietarako pasea ez dago batere erabakita, kadete eta jubenilen arteko partiduak oso parekatuak espero baitira.
Aldaketarik ez
Josu Oiaga entrenatzaileak ez du aldaketarik egingo eta konfiantza guztia dauka, aurreko asteburuan jokatu zuten pelotariengan.
Kadeteetan, Egoitz eta Josu Altuna anaiek jokatuko dute; jubeniletan, Eneko Lujanbio eta Aritz Murgiondok; eta seniorretan, Paul Ojuel eta Aitor Gorrotxategik.
Pelotazaleen beharra
Pelota elkartetik jakinarazi dutenez, aurtengo herriartekoan berdintasun haundia dago taldeen artean eta pelotazaleen laguntza behar beharrezkoa da Hernani finalera iristeko beste behin. Hori horrela, dei berezia egiten diete Hernaniko pelotazaleei, gaur frontoira joateko, herriko pelotariak animatzera.
6 hernaniar, Usurbilgo Torneoko finaletan, bihar
Usurbilgo Torneoko finalak jokatuko dira bihar, 09:00etan Usurbilgo plazako frontoian, eta bertan, 3 bikote hernaniarrek 3 final jokatuko dituzte. Benjaminetan, Xabier Salaberria eta Oihan Zugasti neurtuko dira Usurbilgo bikotearen aurka. Xuban Iturriozek eta Garikoitz Arizmendik Andoiango bikotea izango dute aurrez aurre. Eta kadeteetan, Hodei Noblek eta Iñaki Etxenikek Usurbilgo bikotearen aurka jokatuko dute. Festa ederra izango da bihar, Usurbilen.