«Orokorrean, iturri publiko gehiago nahi ditugu. Adibidez, Zubipen aldageletan edo tabernan sartu behar dugu ura edateko. Ugaldetxon ere iturri bat behar dugu. Horrez gain, zakurrentzako iturri aproposak jartzea ondo legoke, Arantzazu plazakoa bezalakoa». Horiek izan dira Hernaniko Lehen Hezkuntzako 5 ikastetxeetako ikasleek Udal ordezkariei egindako eskaeretako batzuk.
Urtero bezala, Eskolako Agenda 21 landu dute herriko 5 ikastetxeek eta aurten, uraren gainean lan egin dute, iaz bezala. Jarduera ezberdinak egin dituzte urak duen garrantziaz konturatzeko eta ura modu egokian erabiltzen ikasteko. Ikastetxeetako eta herri osoko iturri, ibai eta hoditeriak aztertu dituzte eta uraren kontsumoa murrizteko eta erabilera hobetzeko 21 konpromiso hartu dituzte ikasle eta eskolek.
Horrez gain, herri mailan ikusi dituzten arazoak konpontzeko hainbat proposamen bildu dituzte Udalarentzat, eta horien berri eman zieten asteazkenean, Marian Beitialarrangoitia alkateari eta Unai Erroizenea Zerbitzu Publikoetako zinegotziari.
Iturriak, ibaiak, kontsumoa...
Udalak iazko eskaera asko bete dituen arren, oraindik hobetzeko zenbait gauza badirela azaldu zuten ikasleek. Iturrietatik abiatu ziren eta, iturri gehiago jartzeaz gain, hondatutako zenbait iturri konpontzeko eskatu zuten. Emaria kontrolatzeko eskaera ere egin zuten. Udal ordezkariek erantzun zuten konponketak ahalik eta azkarren egingo zituztela. Emariari dagokionez, pultsagailuen kontua dela eta ur depositoen araberakoa ere izaten dela azaldu zuten, baina presio erregulatzaileak jartzeko aukerak aztertuko dituztela. Eskatutako iturri horiek jartzea ere kontuan izango dutela gaineratu zuten.
Ibaiak ere izan zituzten hizpide eta horiek eta inguruko txokoak garbitzea eta isurketak kontrolatzea eskatu zuten ikasleek. Udal ordezkariek azaldu zuten garbiketaren eskumena Diputazioarena eta Eusko Jaurlaritzarena dela, baina Udalak ahal duen neurrian garbitzen dituela inguruak eta zenbait ibai errekuperazio fasean daudela.
Ura aurreztu eta kontsumoa gutxitzeari dagokionez, Udala ura aurrezteko sistemak egokitzen doala eta joango dela azaldu zuten ordezkariek. Horri lotuta, bakarkako ur kontagailuaren kanpaina azpimarratu zuten. Herriko ur tuberiak eta estoldak gertutik zaintzea eta tuberia berriak sartzeko konpromisoa ere hartu zuten.
Udal ordezkariek azaldu zieten ikasleei eskaerak kontuan izango zituztela eta beraiek ez egon arren, ondorengo ordezkariek jarraituko zutela urari behar adinako garrantzia ematen.