berriak ostalari eta merkatarien elkarteak bere bezeroak sarituko ditu aste honetan zehar, Bezeroaren Bigarren Astearen barruan. Aste berezia gaur jarriko du martxan, eta igandera bitarteko iraupena izango du. Tarte horretan sariak banatuko dituzte, eta Argazki Lehiaketa, kale antzerkia eta Haragiaren Festa ere antolatu dituzte.
20.000 `Rasca y gana´, bezeroak saritzeko
Aste guztian zehar egindako erosketa bakoitzeko Rasca y gana-k banatuko dituzte bazkideen artean, guztira 20.000. Sariak danetarikoak izango dira: hasi boltsa berrerabilgarri eta manteletatik, eta opari sorpresetaraino. Mertxe Jimenez Berriakeko idazkariak azaldu duenez, elkarteak boltsa eta mantelak jarri ditu, eta elkarteko kide diren dendek opariak jarriko dituzte.
Kale antzerkia ostiralean, eta Haragiaren Festa larunbatean
Bezeroentzako hiru ekitaldi ere antolatu dituzte aste honetan. Batetik, Argazki Lehiaketa antolatu dute, Facebook bidez. Berriak elkarteko lagun egin, eta Hernaniko leku politeneko argazki bat bidali behar da parte hartzeko, dinamizador@comercio-gipuzkoa.com helbidera; saria, bi lagunentzako bina afari. Bestetik, ostiralean, Oilaskoetxea kale antzerkia izango da, Malas Compañias taldearen eskutik; 19:00etatik aurrera. Azkenik, larunbatean jendetza erakartzen duen Haragiaren Festa antolatu dute, 18:00etatik aurrera, Gudarien Plazan.