Semaforo berdea!! Gidabaimena euskaraz` ekimenean parte hartzen duten pertsonek gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera izango dute eta gainera, Buruntzaldeko Udalei esker, azterketa euskaraz egin eta gainditzen dutenen artean, zozketa egin (auto-eskola bakoitzeko sari bat) eta hamarrei matrikula baten diru-kopurua itzuliko zaie.
Buruntzaldeko edozein herritan atera daiteke gidabaimena euskaraz, guztira hamar auto eskolek parte hartzen dute kanpainan, eta bakoitzean gidabaimena euskaraz atera duen pertsona bati Udalak itzuli egingo dio parte teorikoari dagokiona (matrikula bat, gehienez ere 400 euro izango dira).
Hernanin eta Astigarragan, hiru dira ekimenean parte hartzen duten auto-eskolak, Hernani auto-eskola eta Otamendi auto-eskola (Astigarragan eta Hernanin), beraz hiru izango dira zozketan sarituak. Hauek azterketaren alde praktikoari dagokiona soilik ordainduko dute.
Auto eskolak iaztik prest daude zerbitzua euskaraz emateko. Buruntzaldeko Udalek iaz bultzatu zuten lehen aldiz egitasmoa, eta parte hartu zuten auto-eskolei beharrezko zituzten bitartekoak lortzen lagundu zieten. Horrela, auto-eskolek badituzte ordenagailuetan erabiltzeko multimedia aplikazioak, liburuak eta beste euskarri guztiak, euskaraz. Beraz, informazioa euskaraz izanagatik ez da eragozpenik azterketa gainditzeko.
Gazteleraz bezain erraz
Egitasmoaren bultzatzaileek nabarmendu dute, euskaraz gazteleraz bezain erraz atera daitekeela gidabaimena, kontutan izanik, ikastolan D ereduan ikasi arren askok gidabaimena euskaraz ateratzeari uko egin diola.
Antolatzaileen ustez ez dago erabaki hori hartzeko arrazoirik, euskaraz zein gaztelaniaz, esate baterako, kotxeko hitz teknikoak zailak baitira ulertzeko. Azterketa teorikoaren zailtasuna berdina da euskaraz zein gaztelaniaz, 30 galdera dira eta hiru oker onartzen dira soilik, hau da, ez dago hiru galdera baino gehiagotan akatsa egiterik.
Dena den, estatistikei dagokionez, oso emaitza onak izan direla adierazi dute Buruntzaldeko Udaletako ordezkariek: 2010ean gidabaimena ateratzeko ikasketak euskaraz jaso eta azterketa ere euskaraz egin zutenen %72k gainditu zuen.
Laurden batek soilik errepikatu behar izan zuen eta aipagarria da, gaztelerazko eta euskarazko azterketen datuak parekoak direla, eskualdeko Udalek azpimarratu dutenez.
Gero eta zabalduago
Euskaraz gidabaimena ateratzeko egitasmo honen arrakasta jakina da, eta Jaurlaritzak erkidegoan zabaltzeko erabakia hartu du.
Debagoiena bailaran jaiotako proiektua, jada beste eskualde batzuetara zabaldu da eta gehiago zabaltzeko asmoa dute.
Jaurlaritzak ahalegin berezia egingo du maiatza eta ekainean egitasmoa komunikabideen bidez zabaltzeko.
Interesatuek herriko auto-eskoletara jo beharko dute zuzenean eta han jasoko dute eman beharreko pausuen berri. Hernanin, erraz atera daiteke gidabaimena euskaraz: Otamendi (Izpizua 1) eta Hernani (Latsunbe 3 eta Urbieta 7) auto eskoletan. Astigarragan, berriz, Otamendi auto eskolan (Pelotari 6).
Saiatu zaitez eta egin ezazu proba behean dagoen euskarazko testa eginez, ikusiko duzu uste baino errazagoa dela! Gainera erantzunak ikus ditzakezu www.buruntzaldea.org helbidean. Animatu zaitez!
Zure gaitasuna neurtu nahi al duzu?
01.- Orokorrean, distrakzioengatik istripu gehiago non gertatzen dira?
• Errepide bihurgunetsuetan.
• Herri barruko bideetan.
• Autobide eta autobietan.
02.- Zubi mugikor batera heltzen bazara, eta langa mugikorrak mugimenduan badaude, zer egingo duzu?
• Beste irteera bat bilatuko dut.
• Azkar pasatuko naiz langak guztiz
jaitsi baino lehen.
• Karril egokian geratuko naiz.
03.- Gidari berri batek gehieneko alkoholemi tasa zenbatekoa izango du?
• 0,25 gramo litro odoleko.
• 0,5 gramo litro odoleko.
• 0,3 gramo litro odoleko.
04.- Aparkatzeko atzeraka zirkulatu daiteke?
• Bai, 15 metro gehienez
• Bai, ezinbesteko distantzia nahiz
eta 15 metro gainditu.
• Ez, debekatuta dago.
05.- 2 urte baino gutxiagoko ume batek, zenbat toki betetzen ditu kotxe batean?
• Toki baten %50.
• 2 urte baino gutxiago baditu, bat
ere ez.
• Bat.
06.- B gidabaimena baduzu, A gidabaimenak gidatzea baimentzen dituen ibilgailuak gidatu ditzakezu?
• Motor-bizikletak bai, motorrak ez.
• 125 cc baino gehiagoko motorrak.
• Motorrak bai, motor-bizikletak ez.
07.- Autobia uzteko...
• Irteeraraino zure karriletik jarraituko duzu.
• Irteeraraino hurbilen dagoen karrilera joango zara eta ahalik eta arinen joango zara.
• Abiadura 60 km/h gutxituko duzu.
08.- Martxa asko moteltzeko asmoa duzula, nola adieraziko duzu?
• Balazta argiak behin eta berriz erabiliz edo besoa goitik behera txandaka
mugituz.
• Balazta argiarekin eta ezker edo
eskuin norabide adierazlearekin.
• Eskuineko norabide adierazlearekin.
09.- Autobia baten matxuragatik ibilgeturik geratzen diren ibilgailuko bidaiariak, galtzadatik ibili daitezke?
• Bai, gailu distiragarriak eramaten
badituzte.
• Bai, beti ere ezkerretik badabiltza.
• Ez, inoiz ere ez.
10.- Nahitaez zein ibilgailuk izan beharko du derrigorrezko asegurua?
• Bide publikoetatik zirkulatzen duten ibilgailu guztiek.
• Motor-bizikletek izan ezik ibilgailu motordun guztiek.
• Ibilgailu motordun guztiek, motor-
bizikletek, atoiek eta erdi-atoiek.
11.- Herri barruan arau orokor bezala zein karriletik zirkulatu behar duzu?
• Beti eskuineko erreitik.
• Karrilak mugatuta egon edo ez, bere helmugarako gehien komeni zaionetik.
• Karrilak luzetarako bide-marrez
mugatuta badaude, bere helmugarako gehien komeni zaionetik.
12.- Gidari gazteek zirkulazio arriskuak okerrago neurtzen dituzte?
• Bai, eta horregatik batzuek istripu gehiago izaten dituzte.
• Ez.
• Bai, baina ez dituzte trafiko-istripu gehiago izaten.
Erantzun zuzenak, www.buruntzaldea.org helbidean