«Euskal herrietako musikaren inguruko paseotxoa dela esan dezakegu; ibilaldi edo hegaldi bat paisaje ezberdinetan, hots eta melodia aldetik. Bertan biltzen den musika da, iparralde, hegoalde, ekialde eta mendebaldekoa. Horrez gain, alboka, xirula, txanbela, txalaparta, dultzaina, txistua... biltzen ditu. Baserritar inguruko errepertoriotik hiriko errepertoriora goaz. Estilo ezberdinetako kantak ere badira: epikoak, amodiozkoak... Erritmoak ere ezberdinak dira». Hori dena biltzen du Orhiko Xoria lanak; Juan Mari Beltranen proiektuak. Eta horrekin guztiarekin gozatzeko aukera izango da gaur Hernanin. Euskal Herriko hainbat txokotan, Espainiar Estatuan eta Ameriketan barrena ibili ostean iritsiko da Hernanira, Orhiko Xoria. Emanaldia Osiñaga auzoko Arriatsuko eskolan izango da, 20:00etan. Orhiko Xoriak eskaintzen duen nahasketa eta hegaldi zabal hori medio, gaurko emanaldia jendearentzat entretenigarria izango dela uste du Beltranek.
Osiñagara egokitutako emanaldia
Egitaraua berez, 14 abestikoa da; gehienak Orhiko Xoriakoak dira, baina beste abesti batzuk ere joko dituzte, Arditurriko proiektukoak (aurreko lana), esaterako: Charmagarri bat badit, Sigi-sagan... Izan ere, emanaldia izango den lekuaren arabera egitaraua egokitu ohi dute eta gaurkoa ere Osiñagara egokitua izango da. «Esaterako, abesti entzunerrazak eta oso ezagunak ere sartu ditugu. Muneinak Orhiko Xoriako abesti bat da, baina entzuteko gogor xamarra eta ez dugu sartu. Branlea, berriz, ez da lan horretakoa, baina sartu egin dugu».
Berez, ordu bete inguruko emanaldia izango da, baina jendeak nahi izanez gero, luzatzeko prest dago seikotea.
Taldea egina; lan borobila
Orhiko Xoria 2006an argitaratu zen eta diska hau izan da lehenengoa, zuzenean grabatu dutena estudioan, eta emaitza borobila izan dela dio Beltranek. «Entzuterakoan bizitasuna antzematen da». Taldeak zerikusi haundia izan duela nabarmendu du; «taldea oso egina baitago». Taldea honako 6 musikarik osatzen dute: Joan Mari Beltran (ahotsa eta tresna herrikoiak); Miriam Atxaerandio (biolina); Aitor Gabilondo (gitarra eta hotsa); Aitor Beltran (txalaparta); Ander Barrenetxea (txalaparta eta danborra); eta Jasone Camara (akordeoia eta trikitixa). Hernanirekin lotura haundia dute ia denek, Musika Eskolako irakasle edo ikasleak izanak baitira; eta Barrenetxea, hernaniarra ere bada.
Hori horrela, biharko emanaldia berezia izango dela dio Beltranek. «Orhiko Xoria Hernanin jaio da; Musika Eskolako klaseetan. Eta beste zerbait sentitzen da jaio den tokian jota».