Elkartasuna badago, baina nola iritsi jende gehiagorengana?

Kronika - Erredakzioa 2011ko mai. 27a, 02:00

Presoen elkartasunari buruzko mahai ingurua izan zen asteazkenean. 8 hernaniarrek gaiaren inguruko ikuspuntu ezberdina eman zuten. Ondorio nagusia: elkartasuna zabaltzeko, bide berriak bilatu beharra.

Euskal preso politikoenga­na­ko elkartasunari buruzko mahai ingurua izan zen asteazkenean, Udaletxeko Areto Na­­­­gusia betea zela. Arlo ezber­dinetako 8 hernaniarrek bakoi­tzaren esperientziaren eta ikus­pun­tuaren berri eman zuten, gaiaren gainean. Argi utzi zu­ten elkartasuna badagoela, el­kar­ta­sun ezberdinak, eta beharrezkoa ere badela. Elkar­ta­suna gehiago zabaldu eta egoera eza­gutarazteko pausoak eman behar direla ere azaldu zuten. Eta nola iritsi jende gehiagorengana? Nola izan era­gin­ko­rra­goak? Zaila izan arren, bide be­rriak bilatu behar di­rela nabarmendu zuten, orokorrean.

7 arlotako elkartasuna
Oier Mendizabal pelotariak bi arloko ikuspuntua eman zuen. «Ki­ro­lari izanik, erreferente ga­ra zenbai­tzuentzat eta zenbait di­namika­tan parte har­tu ohi dugu, baina beste bide batzuk lantzen hasi behar dugu. Gazte mugimenduko ki­de naizen al­de­tik ere iruditzen zait elkartasun dinamika gehia­­go landu behar ditugula. Sormenari ate­ak irekita utzi behar dizkiogu». Gazteen aurkako eraso eta atxiloketei begira, dinamika berri batean sartu direla gaineratu zuen: Gazte 1 gehiago ez!.

Maialen Lujanbio bertso­lari­ak, bere arloari dagokionean, azal­du zuen, presoak eta elkartasuna, bertsogintzan presentzia duten gaiak direla. «Elkar­tasuna eta egoeraren salaketa presente daude, eta egotea gure egitekoa da.   Baina askotan dau­­ka­gu sen­­­­­tsa­­zioa abesten diogula egoeraren berri badakienari. Eta no­la iritsi ez dakienarengana? Orain arteko guztia oso ondo da­­go eta mantendu behar da, baina nik uste forma eta diskur­tsoak aldatu behar ditugula, eraginkortasunari be­gira. Gauzak erre­pi­katzeagatik ez dira gehiago en­tzuten. Me­dio berriak dit­u­gu eta erabili egin behar ditugu».

Joxe Lasarte sagardogileak sagardogileen artean presoei eta elkartasunari buruz gutxi hitz egiten dela azaldu zuen: «La­guntza eskatzen digutenean beti prest egoten gara, esaterako, ekitaldiren batean sagardoa jartzeko, baina egunerokotasunean gaiaz ez dugu hitz egiten. Hori aldatu behar dugula uste dut, baina nola?», galdetu zuen.

Joanmari Larrarte Berria taldeko kontseilariak elkartasunaz baino, erantzukizunaz hitz egin zuen komunikabideei da­gokie­nean. «Informatze­ko eran­­tzuki­zuna dugu. Izan ere, komunikabideak eragileak gara. Alde batetik, jendearengan eragiten dugu, eta bestetik, beste komunikabideengan». Bide horretan, herri komunikabideek egindako la­na azpimarratu zuen.

Igor Perezek langile eta LABeko kide gisa lan mundu­an elkartasuna nola bizi duen azaldu zuen. «Hiru mo­dutan adierazten dugu elkartasuna lantokian: alde batetik, lankide pre­soek presentzia izan behar dute lantokian, bai argazkien bidez, bai beraiei buruz hitz eginez; bestetik, laguntza ekonomikoa bideratu behar da; eta azkenik, lanpostua bermatu behar zaie».

Juan Ignazio Arrieta Tani zi­ne­gotziak azken legegintzaldi­an Udalean egindako lana azaldu zu­­en, gai honi dagokionean. «Euskal Herritarrokek sortu zu­en Presoen Batzor­deari eusten saiatu gara, kalean islada zu­en horrek udaletxean lekua izateko, eta preso eta senideei ba­­bes ekonomikoa emateko, dis­­­­pertsioak eragindako odo­lus­­tea dela eta».

Tomas Arozenak herritar be­­zala bizi duenaren berri eman zuen: «herritar bezala ez dut askorik egin, ez bada ostiraleroko kontzentrazio edo enkarteladetara joatea, manifestazioetara, beste hainbat ekitaldietara eta laguna dudan Baldori bisitak egitera». Bide batez, besarkada bat ere bidali zion.

Elkartasuna, gauza txikiekin
Elkartasuna jasotzen duenaren lekuan jarri zituen mahai ingurura bertaratutakoak Graxi Mor­­zillo preso ohiak. «Poza, hur­­­biltasuna, berotasuna, sostengua... hori da nik sentitu du­dana. Elkartasuna hiru modutan jaso dut: espetxeratzean, alde batetik, kideen partetik, eta bestetik, kanpotik: senideei es­kuminak emanez, marrazkiak, gutunak, egunkariak, aldizkari­ak... bi­da­liz, bisitak eginez... Eta azkenik, kalera ateratzean. Mo­du ezberdinak daude elkartasuna adierazteko».

Elkartasun Eguna, bihar
Elkartasun Eguna izango da bihar. Ohi be­­zala, herri krosarekin emango zaio hasiera egunari. Ondoren, ekintza ugari izango dira.

Egitaraua:
11:00 Herri krosa
12:00 Pintxo lehiaketa eta bertso poteoa
15:00 Bazkari herrikoia
Ondoren haurrentzat jolasak
16:30 Enkantea
18:00 ‘Desafiyua’
20:00 Manifa eta ekitaldia
22:30 Kontzertuak gaztetxean. Sarrer­ak salgai Garin, Rioja, Txili eta Zintzarrin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!