juan Mari Beltranek bakarkako azkeneko lana eskainiko du larunbatean Hernanin, Orhiko Xoria proiektua. Bakarka, bigarren diska du Beltranek, eta larunbatekoa, Hernaniko aurreneko emanaldia izango da. Osiñagako Arriatsuko Eskolan eskainiko du kontzertua, datozen asteburuko jaiak girotze aldera. Bakarkako lana izan arren, Beltranek bost musikari izango ditu lagun etziko emanaldian: Ander Barrenetxea, Mirian F. Atxaerandio, Jasone Camara eta Aitor Beltran. Emanaldia iluntzeko 20:00etan hasiko da.
Hamalau abesti, estilo eta erritmo ezberdinetakoak
Orhiko Xoria emanaldia hamalau abestik osatzen dute, eta horietatik asko, izen bereko diskotik ateratakoak dira. Gainontzekoak Arditurriko proiektukoak dira, Beltranen aurreneko diskokoak. Eta kontzertua Osiñagan eskainiko dutela kontuan izanda, abesti berezi batzuk ere gehitu dituzte.
Emanaldiak Euskal Herriko hainbat errepertorio batzen ditu, baserritar ingurukotik hasi, eta hirikoraino. Alboka, arrabita, dultzaina, tronpa, txalaparta, biolina, gitarra, akordeoia eta beste hainbat instrumetu izango dira entzungai etzi; hortaz, emanaldia erritmo eta estilo ezberdinez josia izango da.
Osiñagako Jaiak girotzeko antolatutako kontzertua
Emanaldia Osiñagako Auzo Elkarteak antolatu du, ekainaren 4-5ean ospatuko dituzten jaiak girotzeko. Herritar guztiei Arriatsuko Eskolara hurbiltzeko deia egin diete, bai kontzertua eta baita festak ere, elkarrekin disfrutatzera.