Zenbateko garrantzia du
behar berezia duen ume batek autonomia lortzeak?
Pertsona guztiok behar dugu eta nahi dugu gure autonomia, diskapazitatea izan edo ez izan. Hortaz, bai diskapazitatea duten pertsonek eta bai edonork autonomia lortzea oso inportantea da, `ni izatea´ bilatzen da. Inork ezin du 100% autonomia lortu, baina `ni izate´ hori ahalik eta haundiena izatea bilatzen dugu guztiok. Hala ere, egia da, diskapazitatea izatea freno bat izan daitekeela autonomia lortzeko bide horretan.
Zer nolako erabakiak hartu behar ditu autonomia lortu
ahal izateko?
Erabaki horiek hiru ardatz edo puntutan banatzen ditut nik: komunikazioa eta partaidetza, espektatibak eta beharrak, eta harremanak. Komunikazioa eta partaidetzaren barruan, seme alabekin dugun komunikazioa nolakoa den jakin behar da, bere beharrak nola jasotzen ditugun aztertu eta esanak nola iristen zaizkion zaindu behar da. Partaidetza erabatekoa izan behar dela uste dut, guztiok izan behar dugu guztiaren parte: familian, lagunartean, eskolan, taldean, eguneroko planetan, parkean… Espektatiba eta beharretan, batetik, guk beraiengan ditugun espektatibak zeintzuk diren jakitea garrantzitsua da. Eta bestetik, beraiek dituzten helburu eta metak zeintzuk diren jakitea ere bai. Pertsonak meta horien arabera egiten dira. Azkenik, harremanak izatea ezinbestekoa da, guztiok behar dugun zerbait da. Pertsonok beste pertsonez inguratuta egon behar dugu.
Superatu behar izaten dituzten barrera/traba haundienak zein izaten dira?
Haundiena gu gara, ingurukoak. Guk dauzkagun espektatibak traba bihurtzen dira beraientzat. Nik traba edo barreren galdera Stephen Hauwking adibidearekin azaltzen dut beti. Stephen Hauking ikusten dugunean, zer ikusten dugu, zientifiko bat, edo elbarri bat? Kontua da, guk ikusten duguna izan daitekeela beraien trabarik haundiena… guk aldatu behar dugu begirada.
Garrantzitsua al da
gainontzekoek jokatu behar duten papera momentu
horietan?
Gurasoek, familiartekoek, irakasleek, lagunek... Kontuan izan behar da pertsonak taldeetan egoten garela, eta batak bestearen beharra daukagula. Elkarrekin egoten gara kalean, lanean, auzoan… edonon. Beraz, umeek autonomia lortzeko bide horretan ingurukoek jokatzen duten papera garrantzitsua da, oinarrizkoa.
Gurasoek jokatu behar duten papera zein da fase horietan?
Gurasoak guraso dira beti, eta hala izaten jarraitu behar dute. Gurasoak biziraun egiten dira; batzuetan gauzak ondo egiten dituzte, eta beste batzuetan ez hain ondo. Normalean, instintoz, babestu egiten dute; eta seme alabak autonomia eskatzen joaten diren heinean, barrera txikiak, negoziaketak eta abar hasten dira. Txikitatik hasten dira umeak autonomia eskatzen: amari eskatuko dio eskolara bakarrik joan nahi duela; hurrengo pausua parkean bakarrik geratzea izango da; segidan, lagunekin atera nahiko du, arratsaldetan; ondoren, gauetan. Eta gurasoen eginbeharra, baimen horiek ematea da, negoziatzea. Diskapazitatea duten umeen kasuan ordea, aldatu egiten da. Ez da umea bera autonomia hori bilatzen eta eskatzen hasten dena, ez dituzte pausu horiek ematen; eta hor sortzen da desajustea. Bide horretan du batez ere garrantzia gurasoen paperak, umeek eskatzen ez duten autonomiaren bide hori landu eta erraztu behar da.
Guraso guztiek berdin jokatzen al dute?Zein buruhauste edo beldur izaten dituzte?
Gurasoen artean aniztasun haundia dago. Diskapazitatea duten umeen gurasoengan, babesteko joera hori, normalean, haundiagoa izaten da, beldurra ere haundiagoa delako. Hau da, diskapazitatea duen ume batek min hartzen badu, askotan, ondorioak larriagoak izaten dira: medikura joan beharra… Ondorioz, beldur horiek traba bihurtzen dira umeen autonomia horretan. Aniztasun horren barruan ere, esan behar da, guraso batzuek ondo barneratzen dutela umeen autonomia hori, eta arriskua, nolabait, errazago eramaten dutela.