Circo de la Lunada: probintzien arteko muga eta Pasiegoen bizilekua

Kronika - Erredakzioa 2011ko mai. 22a, 02:00

Circo de la Lunada Kantabria eta Burgos probintzien arteko muga administratiboa da. Kultura aldetik aldiz ez, mendilerroaren bi aldetan abel­tzaintza kultura propio bat duten Pasiegoak bizi baitira. Bailara altu hauetan soro eta belardi txiki ugari dago eta aspaldidanik igotzen dira inguruko pasiegoak gora, beraien abereekin, udaberri eta udara osoa igarotzera. Abereak belardi fresko eta aberats hauekin elikatzen dituzte, eta neguan berriro beheko bailaretara eramaten dituzte. Horren ondorioz, inguru guzti hau txabolez beteta dago, horiek baitziren pasiegoen bizilekuak hemen goian zeuden bitartean. Circo de la Lunadan, Valnera mendizerra dago, eta bertan aipagarriak dira Castro de Valnera (1.718 m) eta Pico de la Miel (1.563 m) gailurrak. Azken honen hegalean Lunadako eski-estazioa dago. Oso eski-estazio txikia da eta bere altuera maximoa 1.500 metrokoa denez, urtean oso egun gutxitan irekitzen du. Logika handirik gabe, urtean elur-egun gutxi izaten baita hemen, eski-estazioa Junta de Castilla y Leóneko gobernuak bultzatutakoa da, eta lortzen duen gauza bakarra toki honetako paisaia izorratzea da.

«Harriz eginiko tobogan izugarria da»
Inguru hauetan, Kantabria aldera, El resbaladero de la Lunada dago. Harriz eginiko tobogan izugarri bat da. Bertatik hain zuzen, moztutako zuahitzetako enborrak jaisten zituzten Burgos aldera, bertatik ur-korronte batez lagunduta. Ingeniaritza obra honek Portillo de la Lunada eta Miera errekako bailara artean dauden ia 500 metroko desnibela gainditzen lagun­tzen zuen. Egitura hau eraiki zuten Kantabria aldeko zuhaitz guztiak agortu zituztenean. Egurra Real Fábrica de Artillería de La Cavada fundizioko labeentzako egur-ikatza egiteko erabiltzen zen. Gaur egun, inguru hauetan ikusten den deforestazioa, ekintza horren ondorioa da.

Espainiako lehenengo industria armamentistikoa, bertakoa
Real Fábrica de Artillería de la Cavada delakoa Espai­niako lehenengo industria armamentistikoa izan zen eta bi mendeetan zehar, 1622-tik 1835 arte, Espainiar Inperioa defendatzeko eta itsasoko nagusitasuna ziurtatzeko burdinazko munizioa eta artilleria elementuak ekoizten ziren bertan. Bitxikeri bezala esan, La Cavadako fabrikak armada eta ejertzitorako urtean mila kainoi egitera iritsi zela. Ekoizpen hori ziurtatzeko fabrikaren inguruan, bost leguako diametroko distan­tzian (legua bat = 4,2 km), baimendutakoek bakarrik zuten egurra mozteko baimena. Baimena zutenek fundiziorako egur-ikatza egiten zuten; ikazkinak ziren noski. Kantabriako zuhaitzak agor­tzen hasi zirenean, Burgos aldekoak ekartzeko asmoarekin eraiki zen 1791. urtean El resbaladero de la Lunada izeneko egitura. Ranpa honek, nahiz eta gaur egun zati handi bat desegina egon, 2 kilometroko luzera izan zuen. Bere oinean La casa del Rey delakoa zegoen. Etxe hori egurra gordetzeko eta langileak babesteko erabiltzen zen. Resbaladeroa oso denbora laburrez egon zen funtzionatzen XIX. mendearen hasieran Real Fábrica de Artillería de La Cavada delakoa erdi-kiebran zegoelako eta mende horren hasieran, izugarrizko eurite batzuk instalazioak hondatu zituelako.

Kareharria nagusi, Kantabria aldera
Portillo de Lunada eta Puerto de las Estacas de Trueba mendateen artean dauden mendiak kareharriz osatutako amildegi izugarriak dituzte, Kantabria aldera. Kareharria, nagusi izan arren baditu granitoz osatutako zatiak. Mendi hauetan ugariak dira zulo eta simak, eta kareharrizko inguru askotan bezala, ura aurki­tzeko aukera gutxi dago. Beraz, mendira ur nahiko eraman behar da. Pico del Fraile gailurrean, punta-puntan, komunikaziorako instalazio militar batzuk daude eta debekatuta dago mendi horretara igotzea.

Ibilbideko lehenengo gailurra, Peña Negra
Mendatetik eskuin aldera, ipar-eki aldera, jo behar da. Hasi eta handik denbora gu­txira belarrezko malda malkartsu batetik igo behar da. Aldapa honek terraza moduko batean uzten gaitu eta hemendik, beste malda malkartsu batetik, goi lautada batetara igo behar da. Bertatik arista jarraitzea baino ez zaigu geratzen Peña Negra (1.500 m) gailurrera iristeko. Aurrean, ipar-eki aldera, Castro Valnera dugu. Gailurretik bi mendiak banatzen dituen lepora jaitsi behar da eta Bernachotik, Burgos aldetik, datorren kanalaren bila joan behar da. Kanala goraino igo eta bertan Castroko gailurrera (1.718 m) eramango gaituen bidezidorra aurkituko dugu. Bidea markatuta dago eta iparraldeko no­rabidea du. Gailurretik paisaia ikusgarria da. Eguraldi garbiarekin ia Kantabria osoa ikus daiteke: Kantauri itsasoa, Santander hiria eta, nola ez, Picos de Europako gailur gehienak. Castro Valneratik aristari jarraituz Alto de la Pirulerara iritsiko gara. Hemendik, belazeetan zehar, Alto de la Pilucara jaitsiko gara. Aurrean Pico la Miel (1.563 m) gailurra dugu. Pilucako lepora jaitsi behar da eta hemendik eskuinera jo Pico de la Miel ezin baita zuzen igo, bere hego mendebaldean 200 metroko desnibela duen amildegia baitu. Eskuinera, hego ekialdera egin eta gailurrera eramango gaituen belarrezko kanal malkartsu baten bila joan behar da. Kanala igo eta gailurrean gara. Igoera lasai hartu behar da tarte labur batean desnibel handia igotzen baita. Gailurretik bistan dugu ibilbidearen amaiera. Ipar-eki aldera eginez eta Alto de las Corvas gailurretik igaro ondoren, ipar eta hego isurien mugatik joanez, berehala gara Portillo de Lunadan (1.350 m).

Datu interesgarriak

l Distantzia: 10 Km.
l Denbora: 5-6 ordu.
l Desnibela: 900 m gorantz;
700 beherantz.
l Gailurrik altuena: 
Castro de Valnera (1.718) eta Pico de la Miel (1.563 m).
l Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
l Beharrezko materiala: mendiko material arrunta.
l Mendiriz Mendik  17an egingo du irteera hau.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!