Hernaniko Udalak euskarari lehentasuna ematen diola erakutsi du, Kontseiluaren azterketan

Kronika - Erredakzioa 2011ko mai. 24a, 02:00

hernaniko eta Euskal He­rriko beste 65 udaletako hiz­kun­tz politikak aztertu ditu Euskararen Gizarte Erakun­deen Kontseiluak, 2010ean. Her­naniko Udalak 7,39 puntu lortu ditu azterketan, eta aztertutako Udalen artean 14garren postua eskuratu du. Emai­tza­ren nondik norakoak Maite In­dak azaldu zituen, azterketaren arduradunak, maiatzaren 12an.

Udalak 2006an baino puntuazio hobea jaso du, 0,65 gehiago

Kontseiluak 2006an egin zuen lehenengo neurketa, eta joan den urtean, 2010ean bigarrena. Kasu honetan, Euskal Herri oso­ko 66 Udal aztertu zituen, eta Hernaniri 14garren postua eman zion, 7,39 punturekin; 2006an baino 0,65 gehiago. Aprobatzeko, 1 eta 10erako pun­tuazioan, 7ko nota eska­tzen da; muga hori gainditzeak adierazten du Udalak euska­rari ematen diola lehentasuna.

Azterketa egiteko, galdeketa zabala

Azterketa egiterako garaian, galdeketa zabala egiten du Kontseiluak. Batetik, esaterako, Udalak emandako datu batzuk jasotzen ditu, eskatutako dokumentazioa tarteko; eta bestetik, herriko talde ba­tzuetatik jaso­tzen du informazioa: euskaltegiak, euskera el­karteak, ikas­tetxeak, etab. Datu hauek kontrastatzeko berriz, beste bide batzuk erabiltzen ditu: argazkiak, dendetako errotuloak, kartelak, seinaleak... Telefono deiak eta Udal departamentuetara bisitak ere egiten ditu, harrera zein hizkuntzatan egiten den frogatzeko, edo Udal inprimakiak zein hizkuntzatan dauden ikusteko.

Udaleko puntu fuerte bat: euskara planak Udaleko langile guztietan eragitea

Emaitzak azaltzerakoan, Maite Inda Kontseiluko ordezkariak Udalaren puntu fuerteak nabarmendu zituen, horien artean ondorengo bostak: bat, langile berriak kontratatzerakoan, lanpostua betetzeko beharrezkoa den euskera maila eskatzea; bi, dagoeneko euskeraz funtzionatzen duten departamentuak egotea; hiru, Uda­leko euskera planak udaleko langile guztietan eragitea; lau, hala nahi duten herritarrek euskerazko inprimakiak eskura izatea; eta bost, euskalgintzako talde ezberdinei diruz edo azpiegiturez laguntzea.

Udalak balorazio puntu berriak sartzea eskatu dio Kontseiluari

Hobetu beharreko puntuak ere azaldu zituen Kon­tsei­luko ar­duradunak, eta horietako ba­tzuek eztabaida sortu zuten. Ho­­­betu beharrekoen ar­tean esa­terako, Udalak Eus­kararen Or­denantzarik ez iza­tea nabarmendu zuen Kontsei­luak. Uda­leko ordezkariek desadostasuna azal­du zuten, eta adierazi zu­ten Udalak gaur egun ba­dauz­kala irizpide batzuk, Ple­noak onar­tutakoak, Kontsei­luak pro­­po­satzen dituen Orde­nan­­tzak baino aurrerago doazenak. Bestalde, Udaleko ordezkariek azaldu zuten Kontseiluak euskara neurtzeko erabiltzen dituen metodoak ezin dituela detaile asko neurtu; esaterako, paperean hartutako neurriak zenbateraino betetzen diren praktikan, edo Udaleko langileek zenbateraino funtzionatzen duten euskeraz. Horregatik, balorazio puntu berriak sartzea eskatu diote Kontseiluari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!