Ostegunean erretiratu zituen Denok Hiritar alderdiak Hernaniko eta Donostiako hautagaitzak, 2011ko Hauteskundeetarako; hala jakinarazi du alderdiak Kronikara bidalitako prentsa oharrean. Joan den apirilaren 16an aurkeztu zituen alderdiak hautagaitzak, eta helburuak: «hauteskundeetara aurkeztea erabaki genuen demokrazian oinarritutako gizarte honetan, giza talde bati gainerako bizilagunek dauzkaten eskubide politikoak ukatzen zaizkielako. Hauteskundeen mundura sartuta, deiadar egin nahi genien instituzio eta alderdi politikoei, kontuan izan zezaten bizilagun askok jasaten duten eskubide falta».
«Politikoen aldetik erantzun ezberdina jaso dugu»
Politikoen erreakzioa bilatzen zuen, besteak beste, Denok Hiritar alderdiak, eta lortu du kanpainan zehar; aldeko eta kontrako erreakzioak izan ditu. Hala ere, pozik daude erreibindikazioak ondo onartuak izan direlako: «batzuek mezu alarmistak zabaldu dituzte, mezkiten eraikuntza eta gizarte-zerbitzuen gastua bezalakoak; beste batzuk ordea, beldurraren mezu horiek kritikatu dituzte, eta atzerritarren behar espezifikoetarako baliabideak ere eskatu dituzte». Helburua beteta, hau da, mezua zabalduta, alderdiak bigarren mailan utzi du instituzioetan presentzia izateko asmoa. Hala, Probintziako Hauteskunde Batzordean formalizatu zuten ostegunean hautagaitzaren erretirada.