ASIER Larrañaga eta Fertxo Cuesta aski ezagunak dira Hernanin. CD Hernanin makina bat urteetan ibiliak dira jokalari eta entrenatzaile modura, eta argi dute oso garrantzitsua dela gaur jendea Zubipera hurbiltzea, taldea animatzera. «Futbol zelaietan 50, 60 edo 100 pertsona ikustera ohituta egonda, jokalarien-tzat plus bat izango da Zubipe bete-betea ikustea. Jendea Zubipera animatzen bada, jokalariak horrekin hasiko dira partidua desnibelatzen» dio Larrañagak.
Fertxo Cuesta ere iritzi berekoa da: «herriaren alde eta herriko kluben alde ahal dena egin behar dela uste dut. Beste hainbat talde eta eragileri momentu berezietan gure bultzada, babesa eta laguntza ematen diegun bezala, orain futbol taldeariari ematea tokatzen da».
Hil ala biziko partidu asko bizitakoak dira biak
Asier Larrañaga eta Fertxo Cuesta gaurkoa bezalako partidu asko jokatutakoak dira, garaipenak bakarrik balio duen partidu horietakoak. Cuesta eta Larrañaga gazte hasi ziren CD Hernanin, lehenengo jokalari moduan eta gero entrenatzaile gisa. «Ni 15 urterekin hasi nintzen klubean eta denetatik bizi izan dut: igoerak, jaitsierak, playoffak... Momentu oso onak pasa ditugu» dio Fertxo Cuestak. Biek Hernaniren urrezko garaiak ezagutu dituzte, taldeak hirugarren mailan egonkortzea lortu zuen garaia; eta 2garren B mailara igo ziren garaia ere ezagututakoak dira. Hil ala biziko partiduetan eskarmentu haundia izanda ere, gomendiorik ez diete eman nahi jokalariei, «jokalariek nahikoa badakite zer egin behar duten. Denboraldi guztian zehar egin dituzten gauzak eginda, garaipena lortzeko aukera asko izango dituzte» dio Cuestak. Biek partidu parekatua aurreikusten dute, horrelako zita garrantzitsuetan gertatu ohi den bezala; Are gehiago bi taldeen ezaugarriak ikusita. «Bi taldeak nahiko berdinak dira, eta bereziki arlo defentsiboan dira oso indartsuak. Horrelako ezaugarriak dituzten partiduak normalean edozein detaile edo txikikerietan erabakitzen dira, adibidez, geldikako jokaldietan».
«Partidu definitiboa izanda ere, ez da jokatzeko modua aldatu behar»
Jokalariek jasaten duten presioa eta nerbioak ere faktore garrantzitsua izango direla argi dute biek. Larrañagaren ustez, «nerbioak eta motibazioak partiduan influituko dute, baina azkenean ligako partidu bat gehiago besterik ez da; eta nahiz eta oso garrantzitsua izan, nire ustez, ez da jokatzeko modua aldatu behar». Cuestaren iritziz, «presioa eta nerbioak hobekien dominatzen dituenak partiduaren zati haundi bat irabazita izango du». Entrenatzaile bezala ere partidu garrantzitsu asko prestatutakoak dira Larrañaga eta Cuesta. Bien ustez, urte osoan landu den lan ildotik jarraitu behar da partiduaren aurreko astean; eta motibazioan, ez da gehiegi sakondu behar. Cuestaren ustez, «horrelako partiduetarako jokalariek nahikoa motibazioa badute». Larrañaga ere iritzi berekoa da: «egia da jokalariak gehiago motibatzea zaila dela, nahikoa motibazio iturri bai baitute bere inguruan. Entrenatzailearen lana jokalariak lasaitzea, eta tentsio eta urduritasunak kontrolatzen saiatzea da, jokoan eraginik izan ez dezaten».
Zubipen izango dira gaur Larrañaga eta Cuesta
Bientzat garrantzitsua da Hernani 3garren mailara bueltatzea 10 urteren ondoren: «klubarentzat garrantzitsua da, baliabide gehiago izango lituzkeelako; eta herriarentzako ere, garrantzitsua da». Horregatik, Larrañaga eta Cuestak ez dute hutsik egingo gaurko hitzordura, eta arratsaldean Zubipen izango dira, bere betiko taldea animatzen.