Garrantzi haUndikoa da azpimarratzea, hautagaitza hau aurrera atera izana jende askoren inplikazioa eta lanaren ondorio izan dela. Gutako asko Hernanin bizi gara, baina jatorriz atzerritarrak gara. Eskubideen alde eta, aitzitik, diskrimazioaren nahiz marjinalitatearen kontrako aldarria egiten dugu.
Gainera, ezin da ahaztu beste berrogeita hamar bat pertsona esanguratsuren atxikimendua jaso dugula, besteak beste, jarduera politikoan, kulturan, kirolean, euskara arloan, edota musikan ospetsu diren pertsonen atxikimendua, hain zuzen ere.
Argi utzi beharra dago, baita ere, atzerritarren eskubideen aldarrikapena egiten dugunean (nola ez, betebeharrak ere badituzte), europar komunitatetik kanpokoei egiten diegula erreferentzia, haiek baitira nabarmenki baztertuak. Hortaz, eskubide berdintasuna eskatzen dugu gizarte hau eratzen dugun guztiontzat, eta ez, ordea, tratu berezia.
Amaitzeko, esan beharra dago azken urteotan aurrera pausuak eman direla osasun-zerbitzuetan, hezkuntza txukun bat jasotzeko erraztasunean eta ekintza kulturaletarako eskaintzan, zerbitzu sozialetan, elkarbizitzan edota euskara bezalako gai garrantzitsuetan.
Momentuko eta etorkizuneko erronka, beraz, hauxe dugu: lorturiko gauza garrantzitsuak indartu eta, aldiz, oraindik badirauten praktika eta jarrera diskriminatzaile, baztertzaile eta arrazistei aurre egin. Ereiten jarraitzeko garaia dugu; gizarteko gehiengoaren, klase- politikoaren eta beste askoren begiradak zabaltzeko unea.