«Gatazkak ezinbestekoak dira gizateriak aurrera egiteko, baina gure kasuan marra gorriak askotan pasatu dira. Orain, berradiskide­tzeari ekin behar diogu»

Kronika - Erredakzioa 2011ko mai. 20a, 02:00

Azken hamarkadetan etengabeko sufrimendu egoeran bizi izan gara Hernanin. Hildakoak, zaurituak, torturatuak, atxilotuak, bizkarzainekin bizitzera behartutakoak, presoak eta haien familiarrak....

Denborak aspaldi erakutsi zuen sufrimenduaren sozializazio izena hartu zuen dinamikak porrot egingo zuela. Bai ETAk sustatutakoak zein estatuak sustatutakoak ere. Eta urte hauetako sufrimenduari gehitu behar zaio dinamika atzerakoi eta antzu horiek herritarren artean sortu duten lubaki sakona.

Garai berriak datoz Euskal Herrira. Eta horren adibide garbia Gernikako Akordioa da, non pakegintzarako eta normalkuntzarako ibilbide orria marraztuta utzi genuen.

Baina, pakea eta normalkuntza benetakoak izateko ezinbestekoa da Hernanin elkarbizitza  normaltzea. Ezberdin pentsatzen duena onar­tzea. Pluraltasuna naturaltasunez hartzea. Eta lan horretan Hernaniko udalak aitzindari izan behar du. Ekimena beregain hartu behar du.

Gatazkak ezinbestekoak dira gizateriak aurrera egiteko, baina gure kasuan marra gorriak askotan pasatu dira. Beraz, garai berri hauetan, elkarbizitza eta berradiskide­tzeari ekin beharko diogu, lehenik eta behin, biolentziaren biktima guztiak aitortuz eta erreparazioa eskainiz. Arrazoi de­mo­kratiko eta etikoengatik, baina bai­ta arrazoi politiko praktikoengatik ere.

Euskal Herriko proiektu nazionalak, benetan nazionala izateko bokaziorik baldin badu, herritar guztiak hartu behar ditu kontuan, proiektu hori konpartitzen ez dutenak barne. Are gehiago, proiektu hori ezkerreko planteamenduetan oinarritzen dugunon aldetik.

Bide luzea dugu oraindik elkarbizitza eta berradiskidetzeari begira. Eta Aralar hor egongo da, akuilu gisa, azken urteotan gertatu diren aldaketa guztietan egon garen bezala. Baina horretarako zure laguntza behar dugu, igande honetan.

Ireki bidea EZKERRARI!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!