«Ikuspuntu diferentea izatea ez da txarra. Gure lana da, hauek aztertu eta lantzea»

Kronika - Erredakzioa 2011ko mai. 20a, 02:00

Bildu osatzen dugun taldekideok behin baino gehiagotan esan dugu Euskal Herriak momentu historikoa bizi duela eta gure ardura une honetan, garaiak eskatzen duen mailako ardura eta erantzukizunaz jardutea dela.
Horretarako ilusioa eta gogoa dugu eta horren alde lan egiteko  kon­­promisoa hartzen dugu. Ezber­dintasunen gainetik elkarrekin lan egiteko konpromisoa, herri honek bizi duen gatazka bideratzeko eta behin betiko konponbide demokratikoa lor dezagun indarrak biltzeko konpromisoa.
Bildutik, herriaren alde egingo dugu lan, eta herriarekin. Udaleko gai garrantzitsuetan herritarrek par­te hartzeko prozesuak bultzatuz, talde eta eragileen eskaeren aurrean elkarlanaren alde eginez eta auzolan dinamikak sustatuz.
Guretzat pertsonak dira garran­tzitsuak; horregatik pertsonak jarriko ditugu beste edozein interesen gainetik, gizon eta emakumeon berdintasuna zainduz, adinekoei laguntzeko behar dituzten bitartekoak emanez, gazteentzako politika integrala eginez, etorkinen harrera prozesuan ahaleginduz, herritarron osasunean arreta jarriz...  finean, hernaniarron bizi kalitatea hobetzeko ahalegin berezia egingo dugu.
Badakigu hainbat kontutan herritarron artean ikuspuntu diferenteak daudela: atez atekoa, trafiko aldaketak, txakurren gaia... Ikuspuntu diferentea izatea ez da txarra. Gure lana hauek aztertu eta lantzea da. Entzun, hitz egin, eta ahal den neurrian jarrerak hurbildu, horrela hutsuneak gainditu eta hobetzeko bideak elkarrekin adostu.
Hernaniarrok elkarrekin bizi behar dugu, gure harremanak zaindu behar ditugu, desadostasunak bideratu. Gure auzoetako, kaleetako eta azken finean gure herriko giroa eta elkarbizitza gure ardura ere bada.
Gure ardatzak ahaztu gabe erronkari eutsi eta lanari ekingo diogu.

Bildu gurekin lanera.
Zure bozka BILDU

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!