Jangeletako greba luzatu dute, beste astebetez

Kronika - Erredakzioa 2011ko mai. 17a, 02:00

Langileek azaldu dutenez, enpresaren aldetik ez dago mugimendurik, eta hirugarren astez luzatu dute greba deialdia. Gaurko kontzentrazioa deitu dute, Boulevardean lehendabizi; eta Delegaritzan ondoren.

Greba deialdiarekin jarraituko dute beste astebetez, jangeletako langileek. Orain hiru aste hasi zuten ikastetxe publikoetako jangeletako langileek greba, ELA, LAB eta UGT sindikatuek deituta, eta akordiorik ezean, ostiralera arte jarraituko dute greban, zerbitzu minimoak eskaintzen. Hernanin, Langile, Elizatxo eta Txirritan ari dira greban langileak.

«Gurekin harremanetan jarri zain gaude»

Langileek azaldu dutenez, en­pre­sarekin azkeneko bilera joan den asteartean izan zuten, eta berriz ere, enpresak abokatua bidali zuen: «astearteko bilerara, beste behin, abokatua bidali zigun. En­presaren proposamena azaldu zuen abokatuak, eta bilera bere ho­rretan geratu zen. Asteaz­ke­nean langileok gure eran­tzuna jakinarazi genien, eta erantzungo zutela esan ziguten. Mo­mentuz ez dago mugimendurik, ez digute erantzunik eman; hortaz, zain jarraitzen dugu».

Jangeletako langileek lau eskaera nagusi egin dizkiote enpresari: bat, urtean 18 ordu gehiago izatea txostenak lan­tzeko, tutoreekin hitz egiteko eta abarretarako; bi, etengabeko formakuntzarako, urtean 6 ordu izatea; hiru, ratioak jaistea atentzioa hobetzeko; eta lau, Eusko Jaurlaritzak zuzenean kontratatzen dituen langileen baldintzak izatea.  

Kontzentrazioa atzo Ereñotzun, eta deialdiak gaurko eta biharko

Gipuzkoako Gurasoen El­kar­teak bat egin du langileen eskakizunekin, eta protesta ekitaldiak deitu ditu. Atzo, Ereñotzuko Txirrita ikaste­txean egin zuten kontzentrazioa, eta ikastetxeko patioan guraso talde haundi batek bat egin zuen langileekin, beren babesa azaltzeko.

Gaurko berriz, bi kon­tzen­trazio deitu dituzte. Le­hen­­dabizikoa eguerdiko 12:00­etan deitu dute, Boul­e­vardean; bigarrena, 12:30etan, Delega­ritza aurrean. Bihar, Lakuan dute kontzentrazioa.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!