«Teknologia ‘helduak’ erakutsiko dira Zabalegin, gizarteari eskaintzeko prest daudenak»

Kronika - Erredakzioa 2011ko mai. 15a, 02:00

Mikel Insausti hernaniarra, Kutxa Ekoguneako zuzendaria da eta berarekin elkartu gara, proiektuaren inguruan galdera batzuk egiteko asmoz.

Hasieratik zegoen erabakita proiektua Zabalegin egitea?
Bai. Kutxak Zabalegin historia handia dauka. Arteaga Fun­­-dazioak darama Zaba­legi. ­Fundazio honek ehun urteko historia dauka bertan, eta Kutxa ia hasieratik dago fundazio honen ba­rruan. Zaba­legi lehen nekazal eskola bat zen, baina orain ikastaro ho­riek Frais­oron egiten dira. Beraz, Zabalegiren helburu soziala nolabait hustu egin zen. Orduan ikusi genuen, ber­tan proiektu berritzaile bat bultzatu zitekeela. Hasieratik geneukan garbi beraz, Ekogunea Zabalegin egingo zela.

Gestio publikoa ala pribatua izango du?
Proiektuaren baliabide nagusiak Kutxak aportatzen ditu. Bere etekinen heren bat zuzentzen du Gizarte Proiektuetara, eta horien artean daude jasangarritasun proiektuak, Ekogunea h­onen barruan sartuz. Beraz, Kutxa izango da finantziazio iturri nagusia. Halere, Europari begira, irekita eta aktiboki bilatzen ari gara beste finantziazio iturri batzuk ere.

Erakusketaz gain, ikerketa proiekturen bat egingo da parkean?
Ez. Printzipioz, ikerketa eta garapena ez dira garatuko. Bertan, teknologia ´helduak` erakutsiko dira. Nolabait gizarteari eskain­tzeko prest dauden teknologiak izango dira. Gure helburua azken finean horixe da: enpresek, udalek… teknologia horiek aplikatu ahal izatea. Ekogunetik halere bultzatzen ari gara ikerketarako hainbat proiektu, adibidez, Tolosan gauzatuko den generazio miniheolikorako proiektua, haize erroten inguruan.

Parkean erakusketa eta zati praktikoa ezberdinduko dira?
Ez, guztia izango da praktikoa. Ez da museo bat izango, eta bertako espazioak oso aldakorrak izango dira. Gehiago parekatuko nuke merkatu batekin. Produktu berriak merkaturatzen doazen bezala, gure erakusgarri izango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!