Baratzeak jostailu, Zabalegiko parkean

Kronika - Erredakzioa 2011ko mai. 15a, 02:00

Orain dela bi urte sortutako ideia baten fruitua da Ekogunea proiektua. Donostia­tik Hernanirako bidean egingo den jasangarritasun parkea izango da, eta honen gora beherak ezagutzeko, bertan lanean ari direnekin hitz egiteko beta hartu dugu.

Itsaso Zubiria Etxeberria

Ekogunea proiektua martxan da. Kutxak zuzendutako iniziatiba da, eta Hernanitik Oriamendirako bidean, Estu­begi-Berri baserriaren aldamenean geratzen den Zabalegi finka izango du kokaleku, 275.812m2-ko azalera. Jendeari irekitako parkea izango da, ikaskuntzari eta aisiari zuzendua, eta bertan, bisitariek hainbat praktika eta teknologia jasangarri ezagu­tzeko aukera izango dute. Esan bezala, jasangarritasunaren inguruko parkea izango da, lehen Nekazal-eskola zegoen Zabalegi baserrikoa. Bertan, eremu ezberdinak aurkitu ahal izango dira. Baratze-parkeetarako gunea izango du, alde batetik, herritarrek euren elikagaiak bertan landu ahal izango dituzte; eta bestetik, baratze ekologikoen erakusgarriak topatuko dituzte. Bestalde, energia berriztagarrien parkea ere aurkitu ahal izango da, teknika diferenteak erakutsiz. Erakusketa-guneak egongo dira, baita granja, kafetegi edo jangela bezalako eremuak ere. Horrez gain, proiektuan plaza bat ere sartu dute, bertan produktu ekologikoen, energia alternatiboen etabarren feriak antolatzeko. Duela bi urte sortu zen proiektuaren ideia, zuzendaritza talde berria osatzearekin batera. Kutxak bideratzen duen Gizarte Ekintzaren inguruko hausnarketa egin zen momentu horretan, eta jasangarritasunaren gaiari eman zitzaion lehentasuna. Ordurako jada, gai honen in­guruan bazuten beste proiekturik ere, baina orduantxe sortu zen Ekogunea deitutakoa. Lan talde bat eratu zuten, pixkanaka ideiari forma emanez joateko: kon­tzeptuari forma eman, zein eduki landu, zein estrategia erabili, helburuak markatu… Orain bi urteko kontuak dira horiek, eta honez gero pausu horiek emanda, plan zehatzago bat osatzen ari dira uztailerako. Horrela, parkearen ezaugarriak, espazioen banaketa etabar konkretatuta, udaratik bueltan lanari ekingo diote (erakusketak, espazio ezberdinen produkzioa…). Kronikari adierazi diotenez, «gizarteari zuzendutako sentsibilizazio eta kontzien­tziazio kanpaina ugari egin dira orain arte, eta Ekogu­nearen helburua, pausu bat gehiago eman eta ekintzetara pasatzea izango da». Zaba­le­gin eraikiko den parkea hartu dute tresnatzat, bertan proiektu konkretuak martxan jarri, eta jendeari horiek bideratzen erakusteko. Horretarako, aholkularitza, finantziazioa edo prestakuntza bezalako lagun­tzak ematea dute helburu. Herritarrei, Udalei edo enpresa txikiei zuzendutako proiektua izango da gehienbat.

«Eragile ezberdinak bilatzen saiatu gara»
«Ekogunearen ideia abian jartzeko, gure lurraldean ja­san­garritasunaren esparruan lanean ari zitezkeen eragile desberdinak bilatzen saiatu ginen. Azpeiti-Azkoitian in-guru­giro etxea dago, Donos­tian Kristina-enea, tokiko Agen­da21 programak eskola ezberdinetan daude martxan, hainbat Udalen programak, Foru Aldundiarenak… Nola­bai­teko argazki bat atera genion honi eta harremanetan jarri ginen hasieratik. Baita Eusko Jaurla­ritzarekin edo Energiaren Euskal Erakun­dea­­rekin ere» esan digu Mikel In­sausti hernaniarrak Kutxa Eko­gu­neako zuzendariak. On­do­rioz, gehixeago bideratu ahal izan zuten proiektua, eginda eta egiteko zer zegoen ikusita. Hasieratik aritu ziren tratuan erakunde eta eragile ezberdinekin, bai probintzia mailan, baita estatu edo na­zioarte mailan ere, eta egun, 60-70 eragile ingururekin omen daude harreman zuzenean, oso esparru ezberdinak ikutuz (energiaren, kontsumoaren edo landa-garapenaren gaia, nekazaritza ekologikoa…).

Ekogunea, estatu mailan aitzindaria
Bi urte hauetan atzerriko hainbat Ekogune bisitatu dituzte, adibidez Alemanian, Galesen, Frantzian edo Holandan. Penintsula mailan ere ibili dira, baina bertan Ekogunerik ez dagoenez, proiektu konkretuagoak ikusten aritu dira. Adibidez, Bartzelonan eta Kanariar Irletan ibiliak dira, eta gure lurraldean bertan ere bai; Gasteizen eta Arrasaten. Leku hauetan aisialdirako baratze ekologikoak edo energia berriztagarrien inguruko zentroak bisitatu dituzte. Esan beharra dago, estatu mailan aitzindari izango dela Eko­gunea, baina ez da asmatutako proiektua izan. Atzerriko proiektuak ikustearen helburuetako bat horixe omen zuten; kanpoan esparru honetan dauden aukera diferenteak ezagutu eta ideiak hartzea, zer eta nola egin jakiteko. Zabalegiko parkean egingo den inbertsioa 15 milioi euro ingurukoa izango dela adierazi du zuzendaritzak, eta datozen hiru urteotan enplegatuko dela. Gehienbat Zabalegiko eraikin ezberdinak zaharberritzeko, ber­tako instalazioak konpontzeko eta espazio desberdinak (kafetegia, harrera lekua, ibilbideak…) egiteko erabiliko da in­ber­titutako dirua. Bestalde, adie­razi dute, dagoeneko urte bete irekitako saihesbide berriaren obrek, Zabalegiko finkaren hegoaldeko partea kaltetuta utzi zutela, eta eremu hori indartzeko lanak ere (zuhaitzak eta landareak aldatu, lur begetala bota…), 15milioi euroko in­bertsio horretan sartuko direla. yy

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!