Iazko txapeldunordeak argi utzi du aurten ere, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan, bukaerara iristeko asmotan dagoela. Ostiralean hasi zuen txapelketa Arrasateren aurka, finalzortzirenetako joaneko partiduarekin, eta maila guztietan izan zen hobea. Hain zuzen, 0-3 irabazi zuen Hernanik.
Zailtasun gehien Altuna anaiek izan zuten, kadete mailan. Lau pelotariak oso ondo aritu ziren eta partidu gogorra izan zen: 1 ordu eta 10 minutu iraun zituen. Partiduaren bukaera aldean, Arrasateko atzelariak min hartu zuen eskuin eskuan eta hernaniarrek ederki jakin zuten aprobetxatzen. Azkenean, 16-22 nagusitu ziren.
Jubeniletan, espero bezala, Lujanbiok eta Murgiondok erraz irabazi zuten: 5-22.
Seniorretan ere, nagusi izan ziren Aizpitarte eta Gorrotxategi (5-21eko aldea izan zuten), baina azkenerako Aizpitarte nekatu egin zen eta zertxobait lasaitu eta 13-22 bukatu zuten partidua.
Bueltako partiduak datorren asteburuan jokatuko dira Hernanin eta kadeteek izango dute lan gehien.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!