72 bertsolari eta 36 bertso saio; marka guztiak hautsi ditu aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Lehenengo fasea udara aurretik jokatuko da; bigarrena, udara ondoren. Hernaniko bertso eskolako 9 kidek hartuko dute parte; batzuk lehenengo fasean sartuko dira, eta besteak bigarren fasean. Gaur eta bihar, bertso eskolako lau kidek kantatuko dute. Gaur Unai Gaztelumendi, Mutrikun, 17:30etan.
Bederatzi ordezkari, eta helburu bana dute Hernaniko bertso eskolako kideek, aurtengo G Puntua Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Txapelketa luzea izango da, eta jendetsua. Maiatzean hasi eta abenduan bukatu, 36 bertso saio prestatu dituzte, eta 72 bertsolarik neurtuko dituzte indarrak; inoiz izan den bertsolari gehiena Gipuzkoako Txapelketan. Aurten, ez dute kantatuko iazko bi finalistek, Aitor Mendiluze txapeldunak eta Jon Maiak.
Hernaniko Bertso Eskolak ordezkaritza haundia izango du aurten ere: 9 bertsolari. Horietatik bost, lehendabiziko fasean hasiko dira; beste lauak bigarrenean, irailetik aurrera.
9 bertsolari, 9 helburu
Helburu banarekin abiatu dute txapelketa bertso eskolako bederatzi bertsolariek. Batzuk bigarren fasera pasatzea dute helburua, beste batzuk finalean kantatzea, eta badira txapelari begira jarriak daudenak ere.
Bigarren fasera pasa nahi dute Arnaitz Lasarte, Agin Rezola, Iker Osa, Unai Gaztelumendi eta Asier Azpirozek. Bi saiotan kantatu behar dute horretarako, eta 32 bertsolari pasako dira hurrengo fasera.
Osa beteranoetako bat da fase honetan. Inoiz baino lasaiago dagoela aitortu dio Kronikari, eta ez omen duela neurriz kanpora presionatuko bere burua: «noraino iritsi gaitezkeen badakigu, eta bi saio txukun eginda geratu nahi nuke». Bihar kantatuko du Soraluzen, 11:30etan.
Rezolak bigarren fasera pasatzea du helburu. Bertso maila oso txukunean ari da astigartarra, eta azken bi urteetan bi gazte sariketa irabaziak ditu: Xenpelar eta Lizardi, alegia. Aurten, apustu polita du, bere maila erakusteko. Bihar kantatuko du Lezon, 17:30etan.
Unai Gaztelumendik gaur du lehenengo saioa, Mutrikun, 17:30etan. Gaztelumendi anaietan gazteenak sobera erakutsia du fase hau pasatzeko gai dela. Berak ez dio erroka haundiegirik jarri nahi bere buruari: «oraingoz bigarren fasera pasatzea».
Asier Azpirozek gogoz hartu du aurtengo txapelketa. Aurrera egiteko gogoz dago, eta bihar du lehenengo pausoa emateko aukera, Lezon, 17:30etan.
Arnaitz Lasartek eman du lehenengo kolpea aurtengo txapelketan. Lehengo astean kantatu zuen, eta bigarren egin zuen bere saioan, bertsotan itxura ona emanda. Bigarren saioa, maiatzaren 29an.
Jexux Mari Irazu, Unai Agirre, eta Beñat Gaztelumendik finalean kantatu zuten azkeneko Gipuzkoako Txapelketan, eta zuzenean klasifikatuta daude bigarren fasera. Iñaki Zelaia ere bai, finalerdietan kantatu zuelako orduko hartan. Urrian hasiko dira lauak, eta horiek ere helburu banarekin hasiko dira: finalean sartzea, Euskal Herriko Txapelketara sailkatzea, orain lau urteko maila ematea...