Hernanik hil ala biziko partidua jokatuko du gaur, 16:30etan Zubipen, eta irabazi beharra du igoeraren borrokan bizirik jarraitu nahi badu: Real Union liderra izango dute aurrez aurre, sailkapenean 2 puntuko aldea ateratzen diona. Hortaz, Ohorezko Erregional mailako bi talderik onenak, punta puntan dabiltzanak neurtuko dituzte indarrak.
Hernaniri eta Real Unioni bi partidu geratzen zaizkie liga bukatzeko: gaur elkarren kontra jokatuko dute, eta azken jardunaldian, Hernanik Mondragonera joan beharko du. Real Unionek berriz, Ordiziaren bixitari egin beharko dio aurre azkeneko partiduan.
Real Unionen kontra ez
irabazteak, igoera
ia ezinezko bihurtuko luke
Hernanik igoera bere eskuetan izan nahi badu, gaur garaipena ezinbestekoa du. Galduta, Real Union matematikoki 3garren mailako taldea izango litzateke. Berdinketa lortuz gero, sailkapenean distantzia berdinarekin iritsiko lirateke azken jardunaldira. Kasu honetan, Real Unionek egiten duenaren zain geratu beharko lukete txuriberdeek igoera lortzeko. Aurten 10 urte bete dira Hernani 3garren mailatik jaitsi zela, eta azken urteetako aukerarik onena da aurtengoa maila horretara bueltatzeko. Guztira 18 denboraldi egin ditu Hernanik, historian, 3garren mailan; eta 1991ean 2garren B mailan jokatzera ere iritsi zen.
Jokalariak, oso motibatuta
Jon Loran, Hernaniko futbol koordinatzailearen arabera, jokalariak animoz ondo eta oso motibatuta daude: «lehengo astean Azkoitian berdindu ondoren, taldea oso triste zegoen. Trena eskapatu izan balitz bezela. Igandean Real Unionek igoera esku-eskura zuen, eta huts egin zuten. Horrek larunbatekoari buelta ematen lagundu zigun eta asteartean entrenamentuetara bueltatzerakoan, jokalariak berriz ere indartsu eta oso motibatuta zeuden, gaurko partidua iristeko gogoarekin»
Klubean baikor azaltzen dira 3garren mailara igotzeko dituzten aukerekin. «Real Unioni irabazteko gai garela uste dugu, eta igoera gauzatu daitekeela. Edozer gauza gertatu liteke, baina gure mezua igoera posible dela da. Aurten Zubipen oso indartsu egon gara eta oso puntu gutxi eskapatu zaizkigu, beraz baikorrak gara» dio Loranek.
Partidu parekatua espero du koordinatzaileak: «bi taldeak oso berdintsuak gara. Real Union defentsiboki oso talde indartsua da, eta erasorako maila haundiko jokalariak dauzka, azkarrak eta baloiarekin oso trebeak. Hala ere ez dut uste berdinketaren bila etorriko direnik, nahiz eta beraien helburu nagusia golik ez jasotzea izango den».
Zubipe goraino beteko da jokalariak animatzeko
Jokalariak gaurko partidurako oso motibatuta daudela agerikoa da Loranen esanetan, «jendearen babesa eta animoak jaso dituzte herrian eta asko inplikatu dira partiduaren prestakuntzan: kartelak egin eta pegatzen, bazkaria antolatzen... » Izan ere, Hernaniko Gazte Asanbladak eta CD Hernanik bazkaria antolatu dute partiduaren aurretik, giroa berotzeko. 13:30etan izango da bazkaria Zubipen bertan, eta txartelak Garinen daude salgai 10 euroan. Eta partiduan zehar zerbeza debalde izango dute Zubipera hurbiltzen direnek partidurako sarrera erosita, 3 euroan. Hortaz, giro aparta aurkituko dute Zubipera hurbiltzen direnek. Hala ere, klubetik deia egin dute ahal den jende gehiena hurbiltzeko. Irundik ere jendea hurbiltzea espero da, kotxez edo garraio publikoz. Horrez gain, Real Unionek dohako autobusa ere antolatu du, beste modu batera Hernanira hurbildu nahi duten zaleentzat.