Bildu koalizioak agenda bete-betea du hauteskunde kanpaina bukatzeko astebete falta den honetan. Gaur, Ereñotzun izango da. Goizeko 11:00etan jarri dute hitzordua auzo elkartearen lokalean. Auzo Udalari buruz ariko dira, besteak beste. Atzo, berriz, Lizeaga auzoan ibili ziren propaganda banatzen. Ondoren, auzotarrekin bilera egitekoak ziren, baina jakinarazi dutenez, datorren asteartera atzeratu dute. Beraz, asteartean izango da bilera, 19:00etan, Larramendi 11ko lokaletan.
Ekitaldi nagusia, bihar
Hauteskundeetako ekitaldi nagusia bihar egingo du Bilduk. Koalizioaren hautagaiak eta programaren ildo nagusiak aurkeztuko dituzte Luis Intxauspe Hernaniko zerrendaburuak eta Kistiñe Lujanbio zerrendako bigarrenak. Eusko Alkartasunako Juanjo Agirrezabala parlamentaria ere bertan izango da. Horrez gain, bertsolariak izango dira eta Xabier Solano musikariak ere parte hartuko du. Ekitaldia, 13:00etan izango da.
Gaur BECera joateko, txartelak, eguerdira arte
Bilduk, ekitaldi nazionala egingo du gaur BECen eta bertara joateko, autobusa aterako da Hernanitik. Jakinarazi dutenez, txartelak eguerdira arte egongo dira eskuratzeko moduan. Honako tabernetan daude erosgai: Oindi, Aralar eta Txili. Autobusa 15:30etan, aterako da Atsegindegitik.