Aurtengo edizioarekin, 25 urte beteko ditu Txalaparta Festak eta zilarrezko urteurrena modu berezian ospatu nahian, egitarau berezia prestatu dute Hernani Musika Eskola Publikoak eta Ttakun ttan ttakun bertako txalaparta taldeak. Txalaparta Festa bihar hasiko da. Inguruko txalapartari historikoen etxeak bisitatuko dituzte eta modu horretan, urteetan txalapartaren musika entzun den ingurua ezagutzeko aukera izango da. Ibilaldia Zuaznabartarren Saustan hasi (Sausta ondoko Lasarteko Buenos Aires Aldapa behealdeko errotondan, 10:00etan) eta handik Santa Barbara azpiko Barriolara joango dira. Segidan, Portu auzoko Zubeldiatarren Egaña-Txikira inguratuko dira eta atseden txiki bat hartu ondoren, Donostia aldera bideratuko dira. Bilandegitik Erbitegi-Etxeberrin bukatuko dute ibilaldia. Bertan, meriendatxo bat antolatu dute. Hala, festa giroan eta txalaparta joaz bukatuko dute ekitaldia. Eguraldi txarra egingo balu, bukaera, Atsegindegi plazan egingo litzateke.
Liburu eta DVD aurkezpena, asteartean
Datorren astean, ekintza ugari izango dira. Asteartean, Txalaparta Festa 25 urtetan erakusketa inauguratuko da Biterin eta ekitaldi horretan, Hernaniko Txalaparta Festa, 1987-2011 liburua-DVDa aurkeztuko dira.
Ostegunean, txalaparta eta zinea uztartuko dira Chaluparteo eta Ticzag laburmetraiekin. Ostiralean berriz, Ttakun ttan ttakun ikuskizuna izango da eta Txalaparta party aparta. Jaialdi nagusia, larunbatean.
Maiatzak 15, bihar
10:00etan, Ibilaldia, txalapartari historikoen etxeetan barrena: Sausta, Barriola-Barkaiztegi, Egaña-txiki, Bilandegi, Erbitegi-Etxeberri. Irteera: Sausta ondoko Lasarteko Buenos Aires Aldapa behealdeko
errotonda.
Maiatzak 17, asteartea
19:30etan, ‘Txalaparta Festa 25 urtetan’ erakusketaren inaugurazioa eta Liburu+DVDaren aurkezpena. Proiekzioak eta musika zuzenean, Biterin.
Maiatzak 19, osteguna
19:30etan, txalaparta eta zinea, Biterin. Juan Aizpitarteren
‘Chaluparteo...’ eta ‘Ticzag’ laburmetraiak. (*Sarrera: 5 euro).
Maiatzak 20, ostirala
19:30etan, ‘Ttakun ttan ttakun’ ikuskizuna, Biterin.
(*Sarrera: 6 euro).
24:00etan, Txalaparta party aparta Kontrakantxa gaztetxean. Txalaparta+disko emanaldia DJ
Barru eta txalapartarien eskutik. Ekitaldi honetan DJ Barruk diseinatutako txalaparta elektronikoa estreinatuko da.
Maiatzak 21, larunbata
Txalaparta Festa, Tilosetan: 11:00etan, txalaparta erromeria: txalaparta saio libreak.
Hernani Musika Eskolako Alboka, Dultzaina, Trikitixa eta Txistu taldeak, kale bueltan.
14:30etan, herri bazkaria
(*bazkari txartela aldez aurretik erosi behar da: 22 euro.)
17:00etan, txalaparta jaialdi
nagusia:
- Bertsolariak: Hernaniko Bertso Eskola.
- Txalapartariak: Jaialdi honetan
jotzeko Txalaparta Festetako aurreko ediziotan parte hartu duten taldeak gonbidatu dira. Antolakuntzak talde bakoitzari emango dizkio Aitor Ruiz de Eguino artista hernaniarrak 25. Txalaparta Festa ospakizunerako egindako zeramika eta argitaratutako liburu-DVDak.
*Email: jm-beltran@hernani.net / herrimusika@herrimusika.org